FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek Habanan egiten ari diren bake negoziazioetan parte hartu beharko luketela adierazi zuen atzo ELN Nazio Askapenerako Armadako buru Carlos Garciak. «Gatazka eta bizitza dela eta, gaur ezin gara batera egon. Baina hoberena bakea denon artean eraikitzea litzateke, guztiok garelako kolonbiarrak». Negoziazioetan FARCeko kideak ere kontuan hartuko dituztela iragarri zuen Garciak, «bakeak bakarra eta guztiona izan behar duelako».
Bake negoziazioak hasteko baldintzak hitzartu nahi dituzte Kuban, Kolonbiako Gobernuaren eta ELNren ordezkariek. Garciaren esanetan, bakea lortu ahal izateko beharrezkoa da gatazkaren oinarriak aztertzea. «Paramilitarrekin hitzartutako akordioak bake negoziazioen oinarria desarmatzea dela sinetsarazi die kolonbiar askori. Baina Kolonbiako oinarrizko arazoez hitz egin ezean, ezinezkoa izango da bakea».
Alde handia
Garciak eta Gobernuko ordezkari eta bakearen goi mandatari Luis Carlos Restrepok onartu zuten bi taldeen arteko aldea handia dela. Hala ere, bilerak emaitza onak emango dituen itxaropena agertu zuen Restrepok. «Ez litzateke zuzena izango aldea txikia dela esatea. Bion arteko desadostasun hori bera da azken hamarkadetan kolonbiarren sufrimendua eragin duena». Garciak, bere aldetik, Kubara Gobernuari entzutera joan direla nabarmendu zuen.
Herenegun hasi zituzten bi aldeek bake negoziazioak Kubako hiriburuan, Habanan. Ez da ELN eta Gobernua biltzen diren lehen aldia, 2003an Habanan bildu ziren eta, iaz berriz, Mexikon. Orduan, ordea, porrot egin zuten elkarrizketek. Gauzak horrela, Restrepok argi utzi zuen akordioa lortzea ez zela erraza izango. «Ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi herritarrengan. Zuhurrak, errealistak eta arduratsuak izan nahi dugu. Kolonbia ez da beste porrot bat jasateko gai».
KOLONBIA. FARCek bake negoziazioetan parte hartu beharko lukeela uste du ELNk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu