KOLONBIA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Parapolitikaren bigarren belaunaldia

Paramilitarrek politikariak eta boto-emaileak erostea ohikoa bilakatu da, Kolonbiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Eroskeriagatik espetxean daudenek politika gidatzen jarraitzen dutela salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Botoek 10 eta 70 dolar artean balio dute, gaur, Kolonbian. Merkeenak Bogotan saltzen dira, metro koadroko biztanle kopuruaren batez bestekoak aginduta. Ezinbesteko dira paramilitarrentzat, parapolitika egiten jarraitu nahi badute, Kolonbiako Legebiltzarrean. 2006an Alvaro Uribe presidentearen alderdia ordezkatzeko aukeratu zituzten hautagaietatik 30ek eserlekua utzi behar izan dute kartzelara joateko, eskuin muturreko paramilitarrekin aliantzak egin zituztelako. Beste 50 ordezkari ikerketa prozesu berean daude, narkotrafikotik eratorritako diruarekin kanpainak finantzatzeagatik; guztira, Legebiltzarraren heren bat, eta prozesu judizialak askoz gehiagorako eman dezake.

Senatuko 102 eserleku eta Ordezkarien Ganberako 166 berrituko dituzte gaur, eta, horretarako, 2.481 hautagai aurkeztu dira. Horien artean daude Auzitegi Gorenak kondenatutakoen emazteak, seme-alabak, anai-arrebak, lehengusuak eta gertuko kolaboratzaileak: parapolitikaren katebegiak; datozen lau urteetarako herritarren ordezkariak. 22,9 milioi herritar daude botoa ematera deituak, baina erdiak joango dira bozkalekuetara, azken hauteskundeetako joera mantentzen bada.

Politikakeria

Egoera ongi ezagutzen du Cecilia Orozco kazetariak: «Presidenteak kargua hartu zuenean politikakeria eta klientelismoa amaituko zituela zin egin zuen, baina herrialdea ez da aldatu. Edo bai: orain okerrago dago lehen baino».

La Picota presondegian osatzen dira Senaturako eta Kongresurako zerrendak, Kolonbian eskandalu politikoa eragin zuten inplikatuen espetxean, senitartekoen eta gainerako gertukoenen izenekin. Gauza publikoa da hori,Orozcoren arabera: «Haien aitak ezkutatu egiten ziren, baina orain bularra hanpatzen dute. Gobernuak goraturik Auzitegi Gorenaren biktima sentitzen dira».

Parapolitikaren mapak ia Kolonbia osoa hartzen du, bi modutan, Ariel Avilak ikertu duenez: «Batzuk berriz aurkeztu dira parapolitikaz akusatuta egonda ere; beste batzuek oinordekoak erabili dituzte boterean jarraitzeko». MOE Hauteskundeen Behaketarako Misiorako lan egin du Avilak. Gobernuz kanpoko erakundeek osatua da MOE.

Ustelkeriak jota dauden alderdien zerrenda osatu du, eta lehen lekuan PIN Integrazio Nazionalerako Alderdia ageri da: Senaturako hemeretzi hautagai ditu zerrenda beltzean. Uriberen alderdia da bigarren: «Hamahiru parapolitikari birziklatu dauzka». Claudia Lopez politologoaren arabera, «kasu enblematikoak» dauzka U alderdiak. Piedad Zucardirena da horietako bat. Auzitegi Gorenaren ikerketaren barruan dago; haren senarra, Juan Jose Garcia, kondenaturik dago ustelkeriagatik, eta koinatua, Alvaro Garci El Gordo, 40 urteko espetxe zigorrera kondenatu berri dute paramilitarismoagatik, hilketagatik, eta Macayepoko sarraskian parte hartzeagatik. Uribek, auzoan, gobernua babesten duten alderdietan, gisa bereko gehiago dauzka.

Presidentearentzat, baina, politikarien eskandaluak iraganeko kontuak dira: «Eskarmentua hartu dugu, eta merezi duten lekuan daude ustelkeriak jotakoak». Besterik pentsatzen du, hala ere, Alejandra Barrios MOEko zuzendariak: «Narkotrafikoaren diru mugimendua izugarria izaten ari da, baita Uriberen aldean ere».

Kongresu Nazionalean narkotrafikatzaileek eta paramilitarrek euren ordezkariak jartzeko boto-emaileei eman dieten dirutzak kezkatuta dauka Barrios. «Izugarri handitu da herritarrengan egiten duten presioa, botoa erosteko. 546 herritan egin dugu jarraipena, eta ez da ezer onik».Gainera, ezer susmagarritan sartuta ez dauden politikariek zaila daukate botoak lortzea, «zoritxarrez, eroskeriaren kultura zabaldua dagoelako. Herritarrak pentsatzen du politikariekin harremana mesedeen truke dela».

Sistema politikoa bera da usteldua dagoena, Fernando Giraldo politologoaren ustez. Senaturako herritarren mugimendu bateko ordezkaria da bera. «Arauak kontraesankorrak dira; zehazgabeak eta ez batere argiak; ez dago haiek betetzeko modurik».

Ivan Cepeda giza eskubideen elkarte bateko ordezkaria ere hautagai da Ordezkarien Ganberarako, eta kanpaina egiteko zailtasunak salatu ditu: «Bogotako bazter auzoak paramilitarrek kontrolatzen dituzte». Arazoa da zurrunbilo horretan benetako errudunak topatzea zaila dela, eta horretan babesten dira: Denek barneratzen dute erruaren zati bat, beraz, ez da inor errudun.

Alerta egoera

FARCek eta ELNk dei egin dute herritarrak botoa ematera joan ez daitezen, «diktaduraren hauteskundeak» direlako. Gaurko, gainera, poliziak eta militarrak bahitu eta hilko dituztela mehatxatu dute, eta Gobernuak alerta egoera jarri du. 400.000 poliziak eta militarrek «zainduko» dute boz eguna. «Lasaitasuna bermatzeko Gobernuak lan berezia egin du», Uribek esan duenez.



Zenbakia

1.100

Indarkeria. Kolonbiako 1.100 udalerrietatik 420 indarkeriaren faktoreen arriskuan daude, gobernuz kanpoko erakundeen datuen arabera. 146 larrialdi egoeran daude; 83ren arriskua handia da, eta 191rena ertaina.





Talde paramilitarrak desarmatzeakez du egoera aldatu

2006an aukeratu zituzten kongresista askoAUCeko paramilitarrekin lotu zituzten, Kolonbiako Autodefentsa Batuetako kideekin. Urte horretan bertan desegin zuten AUC, Uribek zuzendutako prozesuaren ondorioz, 31.000 ekintzaile baino gehiagoren desarmearekin. Baina beste talde batzuk sortu dira, Aguilas Negras, besteak beste, kasu askotan narkotrafikoarekin lotutakoak.

Paramilitar zahar askok jarraitu egiten dutela eta berriak sortzerakoan egoerak okerrera egin duela salatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek, Uriberen gobernuaren babesean ari direlako.





Uriberen apustuak zaila izango du presidente izateko babesa lortzea

Santos Defentsa ministro ohiaren indarra neurtzeko baliagarriak izango dira gaurko bozak
A. Mujika

Segurtasun Demokratikoa izan da Alvaro Uribe Kolonbiako presidentearen leloa zortzi urtean, eta politika egiteko estilo bat markatu du: FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarreko gerrillarien kontrako borroka bortitza eta AEBekin merkataritza harreman estuak izan dira estrategia horren ildo nagusiak. Baina presidentetzarako bozen atarian Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak hirugarren agintaldiaren aukera baztertu dionean, beste norbaiti politika horren lekukoa emateko ordua heldu zaio: Juan Manuel Santos Defentsa ministro ohia da apustua, Gerra ministroa esaten diotena, bi gai horietan protagonista izan dena. Baina Santos ez da Uribe, eta Uribismoak zein bide hartuko duen ikusteko dago, maiatzaren 30eko bozei begira. Gaurko emaitzek zalantza asko argituko dituzte hautagaiaren indarraren inguruan.

FARCen kontrako estrategian pertsona garrantzitsuenetako bat izan da Santos, eta Ogasun eta Kanpo Merkataritzako ministerioak gidatu ditu, buru-belarri arituta gidatu ere, AEBekin Kolonbiak duen merkataritza askearen akordioak aurrera egiteko. Baina Uriberen erabateko babesa izanda ere, presidentea ordezkatu beharko zela baieztatu zutenean kontra jarri zitzaizkion alde zituenak, hautagai hipotetikoa zenean. Hemendik aurrera horiek komeni zaien hautagaiaren alde jarriko dira, Uriberen gobernuko koalizioaren barruan presidentegai gehiago daudelako.

Kontserbadoreak giltza

Alderdi Kontserbadorea indartsua da koalizio horren barruan, eta Legebiltzarrerako aterako dituen eserlekuez gain, alderdi horrek sei hautagairen artean aukeratuko du gaur presidentegaia. Noemi Sanin kantziler ohiak eta Andres Felipe Arias Nekazaritza ministro izandakoak dute aukerarik handiena alderdiaren barruan. Sanin Andres Pastrana aurreko presidentearen ondokoa da, eta Arias, berriz, Uriberen gertu-gertukoa: Uribito deitzen diote. Arias, hala ere, jota iritsi da azken txanpara, Agro Ingreso Seguro eskandaluagatik. Enpresa horretatik legez kanpo kanpainan erabilitako dirutza da, besteak beste, aztertzen ari diren irregulartasunetako bat.

Saninek behin eta berriz adierazi du Alderdi Kontserbadoreak hautagai propioa behar duela. Pastranarentzat bezala, Saninentzat ere aurkaria da Uribe. Pastranaren arabera, «alderdi batek ezin du presidentetzarako hauteskundeetan hautagairik ez izan»

Ariasen zain

Ariasek irabaziko balu, berriz, Santosen hautagaitzarekin bat egingo luke Alderdi Kontserbadoreak, Uriberen aldera eginez. Oraingoz, hau esaten du: «Koalizioa balego Andres Felipe Ariasen inguruan izan dadila». Hala ere, «leialtasun erabatekoa» dio Uriberen proiektuari, eta Segurtasun Demokratikoaren bidea jarraituko duela agindu du, aukeratzen badute.

Inkestek ez diote ezein hautagairi besteari baino aukera gehiago ematen; denak dabiltza %20aren azpitik: Santos da lehena, baina maiatza bitartean datu horiek alda daitezke, eta asko. Gaurko emaitzak argigarriak izango dira.

U alderdiak 35 eta 40 senatari artean espero ditu, eta 43 diputatu inguru; ondorengoak kontserbadoreak izango direla dirudi, eta Uriberen alderditik nahiko gertu. Hirugarren indarra Errotiko Aldaketaren, Polo Demokratiko Alternatiboaren eta Alderdi Liberalaren artetik aterako da. Errotiko Aldaketaren hautagaiak, German Vargas Llerasek, jada esan du bakarkako bideari ekingo diola, baina gero iritzia alda dezake. Litekeena da bigarren itzulian batzea Santosi.

Alderdi Liberalaren izenean, berriz, gidaritza berriz izateko aukera duela esaten ari da Juan Fernando Cristo, «XXI. mendeko lehen presidentea izateko», baina Uriberen politikaren oso bestelakorik ez du proposatzen, ez indarkeriaren auzian, ez eta arlo ekonomikoan ere, nahiz eta oposizioan egon.

Polo Demokratiko Alternatiboa izan da indar nabarmena duten alderdien artean Uriberen Segurtasun demokratikoa kritikatu duen bakarra, eta hark egin dezakeena esanguratsua izan daiteke, ezkerreko hainbat alderdi batu baititu inguruan. Hemezortzi eserleku ditu aurretik senatarien eta diputatuen artean. Lilia Solano Senaturako hautagaiaren ustez, «presidente askok kriminalizatu dute pentsamendu kritikoa, baina Alvaro Uribek estatalizatu egin du politika hori». «Estatu totalitario» horren aldaketak, berriz, legegintzaldi bat baino gehiago beharko dituela uste du, «irabazten duenak irabazten duela».

Bien bitartean, «gerrarako tresneriak gai sozialak alboratu» dituela-eta kexu da Solano. Ez da gutxirako. Datuek erakusten dutenez, herritarren %70 pobreak dira, eta bost milioi pertsona inguruk Kolonbiatik aldegin dute, goseagatik edo jazarpenagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.