Emakumeen aurkako bortizkeria

Kolonbia lilaz tindatzen

Gatazka armatuetan emakumeak betiereko biktimak dira. Hori eraldatzeko eta emakumearen ahotsa ikusarazteko mugimendu indartsu bat dago saretua Kolonbian: Ruta Pacifica de las Mujeres. Emakumeek sortua, emakumeentzat.

gurutze izagirre intxauspe
2013ko ekainaren 30a
15:43
Entzun

Saretua zegoen, baina 1996an "nahikoa da" esan zuten. Kolonbiako Urabantioqueño eskualdean, Pueblo Nuevo herrian paramilitarrak sartu, nekazariak beren lurretatik erauzi, eta, gertatzen ari zirenak ikusita, bidea egiten hastea erabaki zuten, Ruta egitea. "1996an jaio ginen, mobilizazio nazional batekin. Oso arrisku larrian zeuden milaka lagun, armadak eta gerrilla ezarrita zeuden, prozesu paramilitarra indartzen hasi zen, behartutako lekualdatzeak, masakreak eta halakoak eguneroko ogia ziren, lurren arteko gatazka gori-gori zegoen. Eta txosten bat jaso genuen: eskualde horretan bizi ziren emakumeen %70ek indarkeria eta bortxa jasan zuten. 'Nahikoa da', esan genuen". Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka lan egiten duten dozenaka elkarte daude Kolonbian. Deialdi nazional bat egin zuten, eta harriduraz hartu zuten erantzuna. 1.800 emakume elkartu, eta eremu hartara joan ziren, Kolonbia herrialdez herrialde zeharkatuz, eta, bide batez, salaketa hedatuz. Oihartzun handia izan zuen mobilizazio hark, eta Kolonbian zein nazioartean itzala duen mugimendu indartsuago baterako ernamuina jarri zuen.

Marina Gallegok eman ditu azalpenak BERRIArentzat, Ruta Pacifica de las Mujeres (Emakumeen bide bakegilea) taldeko koordinatzaile nagusiak. Bilbon izan da, eta Memoria para la vida (Bizitzarako memoria) liburua ekarri du besapean: Kolonbiako gatazkan indarkeria pairatu duten mila emakumeren testigantzak biltzen lan egin duten pertsonek egina. Oroimenaren saregileak dira, testigantzak jaso dituztenak.

Gerra harrapakina

Hiru zutabe nagusi ditu Rutak: bakearen aldeko mugimendua da, antimilitarista da eta feminista da. Emakumeen aurkako indarkeria gerra egoeran areagotu egiten dela garbi dute, Gallegoren esanetan: "Gerrarako harrapakina bagina bezala hartzen gaituzte. Gure sorrerako ekitaldiko lelo nagusia horixe izan zen: Emakumeen gorputza ez da gerrako harrapakina. Bigarren lelo nagusia, honako hau: bakea, justizia eta erreparazioa. Diferentea da gerrak emakumeengan duen eragina: gorputzaren kontrola pairatzen dute, janzkera, egoteko eta jarduteko modua...".

Gatazka luze doa Kolonbian, ia 50 urte. Eta eskubide urraketa horietara ohitu egin dira belaunaldiz belaunaldi emakume asko. Ildo horretan, Rutak emakumeekin lan egin du: "Ikuspegi feministatik emakumeen autonomia landu dugu. Gure lantalde guztietan hori jorratzen dugu. Ulertarazi nahi izan diegu ez dagoela zertan onartu gure gorputza eta gure bizitza diziplina militarren menpe jartzea".

Ezkutukoa azaleratzea

Batez ere, behin eta berriz jasan eta inoiz azaleratzen ez zen bidegabekeria batek mugiarazi zituen. Emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa zela jakina zen, ohikoa, orokortua. Baina ez zen ikusten, ez zen azaleratzen eta ez zen salatzen. "Guretzat, gatazka armatuaren testuinguruan emakumeen aurkako indarkeria ikusaraztea, salaketa hori lehen mailara igotzea oso garrantzitsua izan zen".

Kolonbiako gatazkak milaka lagun jo ditu, eta eskubide urraketa ugari eragin. Besteak beste, 40 milioi biztanletik bost milioi beren lurretatik desplazatuak izan dira. "Lurrak erauzi, kendu, lapurtu egin dituzte. Ikertu eta salatu egin genuen zer gertatzen zen beren lurretatik mugitu behar izaten zuten emakumeekin: haien aurkako sexu indarkeria basatia izan zen. Gainera, galdutako senideen bilaketa beren gain hartzen zuten, haurren kargu egiten ziren, askotan abandonatuak izaten ziren... Oso muturreko egoerak pairatu dituzte emakumeek", esan du Gallegok.

Hori dena jaso eta kontatu egin behar zela erabaki zuten. "2009an hasi ginen lan horrekin. Orduan bake negoziazioaren berririk ez zen. Baina urraketa horiek jaso eta zabaltzearekin uste genuen ekarpen bat egingo geniola bakeari. Jakin egin behar zen zer ari zen gertatzen, eta bidea egin halakorik berriro ez gertatzeko".

Ez da samurra izan esperientziak biltzea. Inpunitatea amaitzeko lehen pausoa beldurra gainditzea dela uste dute, eta gero testigantzak ezagutaraztea. Bilduman parte hartu duten emakumeek uste dute indarkeria jasan duten emakumeentzat garrantzitsua izan dela entzunak izatea; Rutak badu jada sinesgarritasun bat, pisu bat Kolonbiako gizartean. Eta euren esperientzia kontatu duten emakumeak babestuak sentitu dira, lan hau Rutak egin duelako. "Gatazka armatua indarrean zegoenean egin da testigantza bilduma, eta parte hartzea erabaki duten emakumeentzat inportantea izan da euren esperientzia kontatzea".

Hori guztia bere gordinean pasatu dela eta oraindik pasatzen ari dela dio Gallegok. "Horregatik, biktimek euren egia ateratzeak balio garrantzitsua du, halakorik berriro errepika ez dadin".

Izugarriak gertatu dira, eta herrialdea egia gordin hori entzuteko prest ote dagoen ere kezka iturri izan dute. "Egia horiek jasotzen ibili den lagunetako batek esaten zuen biktimek pairatutakoa hain larria izanik, haiek kontatzeko gai izan badira, herriak ere prest behar duela horiek entzuteko".

Itzala negoziazioetan

Ez zuten pentsatzen negoziazio mahairik osatuko zenik. Baina jasotako testigantzek une ezin egokiagoan ikusiko dute argia. Bost puntu nagusi dituzte bake negoziazioek. Gai korapilatsuena izango zela aurreikusten zena adostu dute, lurren auziari buruzkoan gutxieneko akordioa egin dute, behinik behin. Eta bigarren puntuarekin ari dira orain: parte hartze politikoarekin. Gatazka armatuaren amaierari, narkotrafikoari eta biktimen auziari heldu beharko diote hurrengo puntuetan. Etxeko lanak aurreratuak dituzte Rutakoek: "Erakutsiko dugu egia asko daudela eta biktimak direla egia hori erakusten lagun dezaketenak". Haiek egindako lanak egiteko modu bat erakusten du. "Izugarrikeriak egin dira: hildakoei lepoa moztu eta buruarekin baloia balitz bezala jolastu, eraildakoekin ospakizun erritualak egin, emakumeak etengabe bortxatu, bahitu eta nahierara erabili... Egia batzuk mahai gainean jarriko ditugu. Eta, horretaz gain, ekarpen metodologikoa egingo dugu".

Hori salatzearekin batera, gerraren ondorioak azalarazi eta konponbidea zein oinarriren gainean eraiki behar den proposatu dute. 2005etik aurrera hasi ziren bide hori definitzen. "Mugimendu feminista ez zegoen halako gaietan, eta ekarpen garrantzitsua egin dugula uste dut".

Kolonbiako Gobernua eta FARC egiten ari diren bake negoziazioetan mahaia hanka motz dagoela jakin badakite, ez dagoelako emakumeen ikuspegitik ekarpenik egingo duenik. Baina gaia aintzat hartuko dela eta emakumeen perspektiba akordioetan islatuko dela uste dute, Gallegoren arabera. "Gure proposamenak ildo honetan joango dira: lurrak emakumeei ere itzultzea, sustapenean laguntzea, emakumeen produkzio moduak aintzat hartzea...".

Munduan lehena

Latinoamerikako justizia trantsizionalari buruzko jardunaldien barnean etorri da Gallego Bilbora. Hegoak antolatu ditu, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak. Bakearen, justiziaren eta erreparazioaren eremuan lana egiterakoan ikuspegi feministak egin dezakeen ekarpenaz gogoeta egitea izan dute helburu. Eta, El Salvador eta Guatemalarekin batera, Kolonbiakoa ezin saihestuzko esperientzia iruditu zaie; mahai gainean jarri eta zabaltzekoa. "Munduan eredu bakarra da ikuspegi feminista batetik memoria osatzeko lanean indarkeria jasan duten mila emakumeren testigantzak bildu dituztena. Nazioarteko beste gatazketan egin izan ohi den bezala, Kolonbian ere metodologia bati jarraituz lan egin dute. Konponbidea benetakoa izango bada, eta berriro ez gertatzeko oinarriak jarri nahi badira, egiaren batzordeak aintzat hartu beharko du egindako lana", azpimarratu du Carlos Martin Beristainek, nazioarteko gatazketan adituak eta memoriaren arloan nazioarteko gatazka ugaritan lanean ari denak.

Rutakoak ez daude talde politiko edo gobernuko erakundeetan egituratuta. Horregatik, jakitun dira erabakietan eragiteko zailtasunak dituztela. Era berean, horrek gertutasuna eman die emakumeekin. Emakume kolonbiarrek gertuko izan dute Ruta, eta, hein handi batean, horregatik da erreferente mugimendua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.