KOLONBIA. Operazioaren alde ilunak

Inoren bitartekaritzarik gabe eta operazio militar «perfektu» baten bidez askatu ditu Kolonbiako Gobernuak FARCen esku zeuden 15 bahitu, edo hori da behintzat Alvaro Uribek esandakoa.

arantxa elizegi egilegor
2008ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Ondo amaitzen diren film horietako batean bezala, armadak militar bat infiltratu zuen FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretan. Alfonso Canok taldeko buruzagiak hamabost bahitu beste toki batera eramateko agindu ziela, horixe sinetsarazi zien soldaduak gerrillariei. Guztiak helikoptero batean sartu zituzten, Tomachipan eta San Jose del Guaviare artean, eta Tolemaidako base militarrera eraman zituzten. Gerrillariak ez ziren azken unera arte ohartu armadaren operazioa zela guztia. Hori da, behintzat, Kolonbiako Gobernuak dioena, FARCek ez baitu, oraingoz, inolako adierazpenik egin.

Nazioarteko agintariek, nahiz bertakoek, guztiek txalotu dute Kolonbiako presidente Alvaro Uribek zuzendutako operazioa. Izan dira, halaber, esan dutenak horrek erakusten duela ez dela beharrezkoa gerrillariekin hitz egitea. Beste batzuek jada iragarri dute gerrilla kolonbiarra gainbeheran doala. Gutxik izan dute gogoan, ordea, Venezuelako presidente Hugo Chavezek egindako bitartekaritza lana; edo, hara non, asteartean bertan, FARCekin biltzekoak ziren nazioarteko bi bitartekariak.

Kasualitatea edo ez, Noel Saez frantziarra eta Jean Pierre Gontard suitzarra ekainaren amaieran ziren iritsiak Kolonbiara, talde armatuarekin elkarrizketatzeko asmoz. Biek zuten Uriberen gobernuaren baimena. Azken urteetan osasun arazo ugari izan zituen Ingrid Betancourt askatzeko modua egitea zen misioaren helburua, eta iturri ofizialen arabera, asteburuan abiatu ziren gerrillariekin bilera egitekoa zuten tokira. Aurretik, hiru aste lehenago, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen harremanetan jarriak zirela gerrillariekin. Bogotak, aldiz, ez zuen albistea berretsi. Frantziako eta Suitzako ordezkariak gerrillariekin bildu ote ziren ere ez du esan Kolonbiak. Ez eta operazio militarra egiteko haiek emandako informazioa baliatu ote duten ere.

Hitz egiteko borondatea

Gobernuak berak azaldu duenez, elkarrizketak hastea proposatu behar zieten bitartekariek gerrillariei. Ez dago argi norekin bildu ziren edo biltzekoak ziren Saez eta Gontard, baina zenbait iturriren arabera, Manuel Marulanda buruzagia ordezkatu zuen Alfonso Canorekin zuten hitzordua. Pentsatzekoa da Uribek bazuela horren guztiaren berri; izan ere, bera izan zen Marulanda hil eta gutxira, martxoan, giza akordioa negoziatzeko dekretua onartu zuena.

Kolonbiako Gobernuak elkarrizketak baimentzea urrats handia izan zen bahituentzat eta haien gertukoentzat. Lehendik ere ahaleginak egin zituzten nazioarteko agintariek Uribek talde armatuarekin hitz egitea onar zezan. Chavezek berak erakutsi zuen ez zela FARC hitz egiteari uko egiten ziona. Horiek bahituak gerrillari presoekin trukatzeko eta bake elkarrizketak hasteko prest agertu ziren, negoziazioak eremu desmilitarizatuan egiten bazituzten. Uribek, aldiz, ez zituen inoiz gerrillarien baldintzak onartu.

Chavez bera bildu ere egin zen gerrillariekin, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, haren bitartekaritza amaitu zuena. Venezuelako presidentea Uriberi jakinarazi gabe FARCeko eta armadako buruzagiekin hitz egiten ahalegindu zen. Horixe leporatuta, negoziazioetatik kanpo utzi zuen Bogotak Chavez. Erabakia gaitzetsi egin zuen gerrillak, eta hitz egiteko prest zeudela erakusteko bi bahitu askatu zituzten: Betancourtekin batera atzemandako Clara Rojas eta Consuelo Gonzalez diputatu izandakoa.

Geroztik egin dituzte Betancourt askatzeko ahaleginak, baina Bogotak eten egin ditu. Iazko martxoan, esaterako, FARCeko buruzagi Raul Reyes eta beste 23 lagun hil zituen Kolonbiako armadak. Tartean zibilak. Ekuadorren zegoen taldea, mugatik gertu. Betancourten askatasunaz hitz egiteko biltzekoak ziren Frantziatik joandako ordezkaritza batekin. Hala ere, bonbardatu egin zuten ingurua. Sinesgaitza da Uribek elkarrizketa haien berri ez izatea, Suitza eta Frantziatik joandako bitartekariek Betancourten askatasunarekin ez dutela zerikusirik izan sinestea zaila den bezala.



Sei urte bahituta

2002ko otsailaren 23a. Orduko presidente Andres Pastranak FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin bake elkarrizketak eten eta hiru egunera Ingrid Betancourt eta Clara Rojas presidentetzarako hautagaiak bahitu zituzten.

2002ko abuztuaren 7a. Alvaro Uribek bozak irabazi zituen.

2003ko abuztuaren 30a. Betancourten lehen irudiak zabaldu zituzten.

2004ko azaroaren 8a. 50 gerrillari 59 bahiturekin trukatzea proposatu zion Uribek FARCi. Haiek, ordea, uko egin zioten proposamenari.

2005ko otsailaren 1a. Raul Reyes gerrillako bigarrenak Betancourt osasunezondo zegoela adierazi zuen.

2007ko ekainaren 1a. Ekainaren lehenean 120 gerrillari eta, hilaren 4an, Rodrigo Granda, talde armatuaren atzerriko harremanez arduratzen zena askatu zituzten.

2007ko abuztuaren 31. Venezuelako presidente Hugo Chavez aukeratu zuen Uribek bitartekari lanak egiteko.

2007ko azaroaren 21a.FARCekin harremanetan jarri zen Chavez Uriberi esan gabe. Ondorioz, bitartekari lanak uztera derrigortu zuen Kolonbiako presidenteak Venezuelakoa.

2007ko azaroaren 30a.45 bahituren irudi eta gutunak aurkitu zituen armadak. Tartean Betancourten bideo bat.

2008ko urtarrilaren 10a. Clara Rojas eta Consuelo Gonzalez askatu zituen FARCek.

2008ko martxoa. Raul Reyes eta beste 24 lagun hil zituen Kolonbiak Ekuadorko lurretan. Hilaren 26an, berriz, gerrillako buruzagi Manuel Marulandaren heriotza onartu zuen talde armatuak. Handik hiru egunera, gerrillarekin giza akordioa egiteko dekretua sinatu zuen Uribek.

2008ko uztailaren 2a. Hamabost bahitu askatu zituzten. Tartean, Betancourt bera, hiru estatubatuar eta 11 militar.





Zenbakia

10.000

Gerrillariak. FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek 8.000-10.000 gerrillari inguru dituzte beren esanetara, eta bost lagunek zuzentzen dute talde armatua, iaz buruzagitzako bi kide hil ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.