Kolonbiak eta bost talde armatuk su etena adostu dute ekainaren 30era arte

Menia sei hilabetez egongo da indarrean, baina Petrok adierazi du hori luzatzeko aukera dagoela negoziazioetan aurrera egiten badute

ander perez zala
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Kolonbian beste su eten batekin hasi dute urtea. 2023an sartzeko minutu gutxi falta zirela, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak iragarri zuen ekainaren 30era arteko su eten bat sinatu duela bost talde armaturekin; tartean, ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidenteekin. Sare sozialetan zabalduriko mezuan, menia hori luzatu ahalko dela iragarri zuen Kolonbiako presidenteak, «negoziazioetan eginiko aurrerapenen arabera». Itxaropena zabaldu nahi izan du Petrok: «Erabateko bakea errealitatea izango da».

Zehazki, Kolonbiako Gobernuak bost talderekin sinatu du su etena. Gerrillariei dagokienez: ELNrekin, FARCeko disidenteen Estatu Nagusi Zentralarekin eta Segunda Marquetaliarekin; baita bi talde paramilitarrekin ere, AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitandarrekin eta Sierra Nevadarekin. «Erabateko bakea» politika defendatu du Petrok, bozak irabazi ondoren abuztuaren 7an herrialdeko presidente bihurtu zenetik.

«Ekintza ausarta da hau», gaineratu zuen agintariak erabakiaren berri emateko mezuan. Azaldu zuenez, su etenak hura aintzat hartzera behartzen ditu estatua eta talde armatuak, eta hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismo bat egongo da indarrean, «nazionala eta nazioartekoa». Zehazki, NBE Nazio Batuen Erakundearen egiaztatzeko misioak hartuko du ardura, AEE Amerikako Estatuen Erakundearekin, Herri Defendatzailearekin eta Eliza katolikoarekin batera.Horretaz, NBEk Kolonbian duen misioaren buru Carlos Ruiz Massieuk esan zuen nazioarteko erakundeak sostengatzen dituela bakearen alde eginiko urrats guztiak.

Petroren lantaldeak zehaztu zuenez, oraindik ez dute espero beste erakunde armaturekin su etenik sinatzea, baina orain indarrean sartuko den meniaren emaitzak aztertuko dituzte gero, etorkizunean erabakiak hartzeko.

Iragan azaroko legea

Joan den azaroaren 4an, Diputatuen Ganberak eta Senatuak baiezkoa eman zioten erabateko bakearen legeari. Negoziazioen bidez gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea da lege horren helburuetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.