Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bart baieztatu duenez, Kolonbiako armadak atzo arratsaldean Alfonso Cano FARCeko burua hil zuen, operazio militar batean. Canorekin batera haren bikotekidea ere hil dute. Juan Carlos Pinzon Defentsa ministroaren arabera atzo arratsaldean hil zituzten, Cauca departamentuko inguru menditsu batean, hainbat orduz euren atzetik joan ostean.
Santosek esan du Canoren hilketa FARCi "historian" emandako kolperik gogorrena dela, eta desegitera deitu du talde gerrillaria. Egin ezean gerrillariek "kartzelan edo hilerrian" amaituko dutela gaineratu du. Hala ere, zuhurrak izateko eskatu die kolonbiarrei.
Bonbardaketa batekin hasi zen erasoa
Operazioa bonbardaketa batekin hasi zuen Kolonbiako armadak, eta horretan Canoren segurtasuneko kideak hil dituzte, baita bikotekidea ere. Gainera, segurtasun burutzat jo dutena atxilotu dute. Horren ondoren, Canoren atzetik jarraitu dutela esan du, eta operazioaren bigarren parte horretan hil dutela. Kolonbiako Gobernuak dio FARCeko beste gerrillari garrantzitsu batzuk atxilotu dituztela.