FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak gatibu dituen hamar soldadu eta poliziak askatzeko prozesua hasteko astebete falta dela, Kolonbiako armadakgutxienez ustezko 36 gerrillari hil ditu herrialdearen erdialdeko Meta departamenduan, Vistahermosa eta La Macarena herrien arteko landa eremuan.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eman du operazioaren berri, eta gogorarazi du atzokoa joan den asteko operazio militarrari lotuta dagoela. Izan ere, iragan asteazkenean armadak ustezko 33 gerrillari hil zituen Arauca departamenduan,FARCek astebete lehenago 11 soldadu hil zituen leku berean.
Joan den astekoa FARCen kontrako orain arteko kolperik handiena izan zen, baina atzokoak gainditu egin du hura, oraingoan hiru lagun gehiago hil baitituzte Kolonbiako militarrek.
Ezpata eta ohorea izena du FARCen kontrako operazio militar handiak eta atzoko saioan, hilketez gain, ustezko beste sei gerrillari ere atxilotu zituen Poliziak Restrepo herrian. «53. fronteko ideologo bat eta FARCeko beste bost kide atxilotu dituzte», azaldu du Santosek. Cundinamarca departamendura joan nahi zuten ustezko gerrillariek presidentearen arabera —Bogota da departamendu horretako hiriburua—, eta hori saihesteagatik zoriondu du armada.
«Ez da geratuko»
«Operazio honek erakusten du Indar Armatuen ofentsiba ez dela geratu eta ez dela geratuko», nabarmendu du Santosek. Hilabeteak daramatza martxan Ezpata eta ohorea operazio militarrak. Batez ere, FARCeko goi kargudunak hiltzea du helburu, eta horren adibide dira, esaterako, Victor Julio Suarez Rojas Mono Jojoy eta Guillermo Leon Saenz Vargas Alfonso Cano gerrillari buruzagien hilketak.
Kolonbiako erakunde zibilak, bitartean, urduri daude, armadaren azken operazioak FARCek bahituta dituen hamar militar eta polizien askapen prozesurako oztopo bilaka daitezkeela uste dutelako. Gerrillariek, halere, ez dute kontrakorik esan, eta prozesuak aurrera jarraitzen du.
Kolonbiako armadak FARCeko 36 kide hil ditu
Meta departamentuan izan da operazio militarra, eta ustezko beste sei gerrillari ere atxilotu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu