Kolonbiako justiziak 43 militarren kontrako auzi salaketak zabaldu ditu gezurrezko positiboak deitutako kasuetan zerikusia izateagatik. Izen hori eman zaie militarrek gerrillaritzat aurkeztu arren benetan zibilak zirenen hilketei.
Lehen kasu batean, Kolonbiako Fiskaltzak 15. Brigada Mugikorreko 28 militarren kontrako auzibideak ireki ditu Soacha udalerriko (Cundinamarca barrutia) bi gazteren hilketagatik. Bi lagun horiek 2008ko urtarrilaren 27an hil zituzten, Ocaña herriaren inguruetan, eta zibilak zirela ondo jakin arren, heriotza hauek gerrillarekin izandako borroka batean gertatu zirela ziurtatu zuten soldaduek. Agintariei azalpen hori emateko hitzartu ziren, beraz, militarrak. Auzipetuetako bat da garai hartan brigada horretako burua izan zena, Ruben Dario Castro Gomez koronela.
Beste kasu batean, hiru merkatari hiltzeaz akusatu dituzte Kolonbiako armadako 4. Brigadako Pedro Justo Berrio batailoiko zortzi militar. Exekuzioak 2006ko apirilaren 26an gertatu ziren, Medellin hirian (Antioquia estatua). Hilketak azaltzearren, militarrek ziurtatu zuten hiru lagun horiek herritarrei dirua mehatxupean lapurtzen zieten gaizkile talde bateko kideak zirela. Herritarrek, baina, gezurtatu egin zituzten azalpen horiek.
Kolonbiako armadako sei militar auzipetu dituzte, berriz, Campamento udalerrian (Antioquia) bi zibil hiltzeagatik, 2003ko uztailaren 20an. Hildakoak FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak gerrilla erakundeko kide gisa aurkeztu zituzten aldi hartan militarrek. Haiek berehala atxilotzeko eta fidantzaren behin-behinean aske uzteko aukerarik ez du eman Fiskalak.
Goi ofizial bat tartean
Sucre eskualdeko militarburu bat justizia zaintzapean jartzea agindu du bertako Fiskaltzak. Toluviejo Cesar udalerriko 16 eta 28 urte arteko 11 gazte hiltzea leporatzen diote Orlando Arturo Cespedes Escalona goi ofizialari. Akusazioaren arabera, militarburuak gazte horiek lan eskaintza batekin erakarri zituen, baina zenbait egunen buruan gazteen senideek abisua jaso zuten hilak aurkitu zituztela, armadaren eta gerrillari talde baten arteko borrokaldi baten ostean.
Herritarren desagerrarazte eta hiltze kasuetan ez dira soilik Kolonbiako indar militar ofizialak murgildu. FARC eta bestelako ezkerreko gerrilla erakundeen aurkako borrokan indar paramilitarrak ere egon dira urteetan. Talde paramilitar horietatik AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak deitutakoa da indartsuena, eta harekin harremanetan egon izana leporatu diote herrialdeko Kongresuko presidente izandakoari, Javier Caceresi. Irailaren 14tik atxilotuta dago Caceres.
Kolonbiako justiziak Caceresen aurka auzi ikerketa bat abianjarri ondoren, Senatuak senatari kargutik behin-behineko kentzea ebatzi du. Erabaki horren alde egin dute 65 senatarik, eta aurkako botorik ez da egon. CR Cambio Radical alderdiko hautetsia da Caceres. CRk parte hartzen du Juan Manuel Santos presidentearen aldeko gobernu gehiengoan.
Kolonbiako armadako 43 kide auzipetu dituzte, legez kanpoko hilketengatik
Kongresuko presidente ohia hautetsi kargutik behin-behinean kendu dute, paramilitarrekin harremana duelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu