Fernando Carrillo Kolonbiako Barne ministroak jakinarazi du indarkeriaren biktimek ere parte hartuko dutela gobernua eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak Kuban izaten ari diren bake elkarrizketetan. Iazko azaroan ekin zieten elkarrizketei, eta soilik gobernua eta FARC batzartu dira orain arte.
Biktimek noiz hartuko duten parte galdetuta, "aurrerago, noski, biktimen gaia jorratzen hasten garenean. Gobernuak negoziazio mahaian ezarritako oinarrizko gaietako bat da", erantzun du Carrillok.
Iragan maiatzean lortu zuten bi aldeek negoziazioetako lehen puntuari buruzko akordioa; lurraren gainekoa, alegia. Egun, gerrillak politikan parte hartzeko bermeez eztabaidatzen ari dira. Bost dira, guztira, eztabaidatu beharreko gaiak; Droga trafikoaz, biktimen erreparazioaz eta gatazkaren amaieraz hitz egin beharko dute hurrena.
"FARCek jakin dezatela oinazea eragin zutela, gatazkak eragindako kalteetan erantzukizuna dutela eta biktimak barkamen agertoki bat bermatzen hasi garela", adierazi du Angela Ceron FARCen biktima talde baten ordezkariak.