Kolonbiako bake prozesuaren aldeko legez besteko proposamena aurkeztu du Amaiur koalizioak Espainiako Kongresuan, aste batzuetara Atzerri Gaietarako Batzordean eztabaidatzeko asmoz. Koalizioaren arabera, Kongresuak prozesuarekiko "jarrera proaktiboa" hartu eta "lagundu" egin beharko luke, "konponbide justua eta iraunkorra" erdiesteko. Haren arabera, "kolonbiar guztien giza eskubideak bermatu" beharko lirateke.
Amaiurren idatziak dio Kolonbiako prozesuan "konponbide elkarrizketatua eta negoziatua" lortzeko itxaropena duela. "Aukera berri hau" ahalbidetu dutenak "zoriondu" egin ditu, eta esan du nazioarteak parte hartu duela. "Batez ere, Norvegiako eta Kubako gobernuak inplikatu dira. Txilekoak eta Venezuelakoak emandako babesa ere azpimarratzekoa da". Barack Obama AEBetako presidentea, Vatikanoa, Brasilgo Gobernua, Europako Batasuna eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordea ere alde azaldu direla dio Amaiurrek.
Kolonbiako Gobernuak eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak joan den hilaren 17an ekin zieten elkarrizketei, Oslon. Laugarren bake prozesua hasi dute, hain zuzen.
ELN Nazioa Askatzeko Armadako gerrillek prozesuan parte hartzeko itxaropena agertu du Amaiurrek.
"Hitzaren bidea da gatazken konponbidean aurrera egiteko modurik onena", koalizioaren ustez.