Kolonbia bake bidean jarri nahi dutela esan zuen Juan Manuel Santos presidenteak aukeratutako negoziazio taldearen eledunak. Baita FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrenak ere. Bake beraz ari ote ziren, ordea, zalantza sortu zuten baten eta bestearen hitzek, eta Hurdalgo (Norvegia) hoteleko mikrofonoak itxi bezain pronto, Bogotako hedabideenak ireki ziren ostegunean. Buru politiko esanguratsuenen adierazpenen bila jo zuten gehienek, eta balorazio antzekoa egin zuten. Legebiltzarrean nagusi diren eskuineko bi alderdietako ordezkariek bai, behintzat.
Horrela, Santos presidentearen alderdiko kide eta Senatuko presidente Roy Barrerasen iritzirako, ez da harritzekoa FARCek gustuko ez izatea Kolonbiako egungo eredu ekonomiko eta politikoa: «FARCek bere ereduak dauzka. Eredu horiek egokiak zein okerrak izan, armarik gabeko politika egiteko bandera bihurtu behar dira, eta horretarako bermeak eskaini».
Liberalak bigarren indar politikoa dira Kolonbian, eta bertako buru Simon Gaviriak alde bien bakerako borondatea nabarmendu du: «Gerrillak bere gizarte ikuspegia dauka. Orain ez da gu horrekin konbentzitzeko tenorea. Kolonbiarrek hautestontzietan erabaki beharko dute».
Senatuko Bakerako Batzordeko Alexandra Morenoren aburuz, lehen unetik geratu da argi bake prozesua ez dela batere erraza izango: «Gatazka armatuaren amaierara heldu nahi badugu, Gobernuak eta FARCek erronka anitzi egin beharko diote aurre alde bien arteko norgehiagokak iraun bitartean».
Alvaro Uribek, berriz, Santosek irekitako bake prozesuaren aurka jo du, iragarri zutenetik erakutsi duen jarrerari eutsita. FARCi su-etenik eskatu gabe hautagaitza politikoa lortzea eskaintzea gaizki iruditu zaio. 2002 eta 2010 bitartean Kolonbiako presidente izan zenaren esanetan, bake prozesu aurkeztu berrian ez dago bakearen eta justiziaren arteko orekarik, eta zigorgabetasuna ekar dezake.
Ezkerraren iritzia
Bi milatik gora erakunde biltzen dituen ezkerreko Martxa Patriotikoak oso kontrako iritzia agertu du. Manifestua eman du argitara, eta bake prozesua laguntzeko «ahaleginik handiena» egiteko prest dagoela nabarmendu: «Adiskidetze nazionalerako ardatza gizarte osoaren parte hartzea ahalbidetzeko mekanismoa behar du izan».
Ildo beretik jo du Kolonbiako Indigenen Erakundeko Aginte Nazionalak. Ongietorria egin dio bake prozesuari, baina penatuta agertu da Bogotak aurkeztu duen adiskidetze bideak, erakundearen ustez, «bidesaria» duelako, eta ez delako gatazkako alde guztiek egiteko modukoa. «Bakarrik hasitako bide horretan guk zer rol jokatzea espero du gobernuak? Lasai ederrean eseritzea ez da aukera bat». Guztien parte hartzea aldarrikatu dute indigenek: «Gerra hau ez da gurea, eta bakearen bidea denok egin behar dugu, elkarrekin».
UP Batasun Patriotikoa alderdiko kideek, berriz, Kolonbiako Estatuaren indar armatuek eta paramilitarrek hildako ia 5.000 burkideren memoria ekarri dute gogora. FARCek eta Kolonbiako Gobernuak sinatutako akordio batetik sortu zen UP, 1985ean, eta berehala bihurtu ziren jomuga militar. «Ongietorria egiten diegu elkarrizketei. Bakerako ate bat ireki da».
Biktimena FARCek eta Santosen gobernuak adostutako negoziazio agendan dago. Prozesuko bigarren fase hasi berriaren bosgarren puntua haiei buruzko da.
Santosen erantzuna FARCi
Juan Manuel Santos presidenteak zuzenean erantzun dio FARCen eledun Luciano Marin Arango Ivan Marquez-i. Azken horrek, lurren jabetzari buruz Bogotak abian jarritako legea kritikatu zuen ostegunean Norvegian, eta nekazarien kalterako dela nabarmendu. «Lege hau gezurretakoa dela esaten du FARCek, ederki asko dakitelako lege horrek beren propagandarako banderak kentzen dizkiela», jakinarazi du Santosek. Erantsi duenez, Gobernuak lurrak bueltatuko dizkie indarkeriak desjabetutako nekazari eta baserritar guztiei. «Paramilitarrak zein gerrillariak izan desjabetu zituztenak, nekazari guztiei ari gara itzultzen beren lurrak». Lege horren arabera lurrak berreskuratzea eskatu duten nekazarien %40k FARCek desjabetu zituela adierazi dute, Nekazaritza ministro Juan Camilo Restreporen arabera.
Juvenal Palmera Pineda Simon Trinidad gerrillariak ere bake negoziazioetan parte hartzeko aukerei buruz —hala eskatu zuten FARCen ordezkariek Norvegian— Bogotak ez du ezer esan. Trinidad AEB Ameriketako Estatu Batuetako kartzela batean dago preso, eta hango Estatu Idazkari Roberta Jacobsonek ere ez du argitu horretarako eskaerarik jaso ote duen. «Kolonbiako Gobernuarekin eztabaidatu behar litzateke».
Kolonbia. Bake negoziazioak
Kolonbiako familia politiko nagusiak, bake prozesuaren alde
Legebiltzarreko alderdi indartsuenen buruek baikortasun neurtu batekin hartu dute negoziazioen aurkezpenaEstatuaren eta paramilitarren biktimek eta indigenek prozesuan parte hartu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu