MUNDUA

Kolonbiako Gobernua eta FARC irailaren 9an itzuliko dira negoziazio mahaira

Gerrillaren parte hartze politikoari buruz eztabaidatzen ari dira bi aldeak. Bestalde, Bakerako Esparru Juridikoa ontzat jo du Auzitegi Konstituzionalak, eta horri buruzko iritzi kontrajarriak azaldu dituzte Juan Manuel Santosek eta FARCek.

2013ko abuztuaren 29a
11:30
Entzun

FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek eta Kolonbiako Gobernuak irailaren 9an ekingo diote hamalaugarren elkarrizketa zikloari, Habanan egiten ari diren bake elkarrizketen harira. Bi aldeek eman dute erabakiaren berri, ohar bateratu batean.

Atzo amaitu zituzten hamahirugarren zikloko elkarrizketak; "bake elkarrizketen agendako bigarren puntuari buruzko akordioak sortzeko urratsak" egin dituzte ziklo horretan; FARCen parte hartze politikoari buruzkoa da agendako bosgarren puntua.

Gai horren inguruan, bi aldeek "proposamenak trukatu eta eztabaidatu" dituzte. Halaber, bake akordioak "ezartzeari, egiaztatzeari eta berresteari" buruzko ikuspuntuak ere azaldu dituzte negoziazio mahaian, eta gainerako gaiak eztabaidatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Bakerako Esparru Juridikoa

Bost egunez eztabaidatu eta gero, Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du "ezartzeko modukoa" dela Bakerako Esparru Juridikoa deiturikoa, kongresuak onartutako justizia trantsizionalerako tresna. Albiste hori dela-eta pozik azaldu da Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidentea, iritzita "urrats oso garrantzitsua" dela gatazka armatua amaitzeko bidean.

FARCek, berriz, bestelako iritzia azaldu du. Gerrillaren iritziz, gobernuak aldebakarrez harturiko erabakia da esparru hori eratzea, eta oroitarazi du balizko bake akordio bat "itun sozial berri bat" izango litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.