Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidenteak azaldu du exekutiboa "prest" dagoela FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarraren balizko erasoei aurre egiteko, gerrillak emandako menia atzo amaitu eta gero. Azaroan eman zuen su etena FARCek, gobernuaren eta gerrillaren arteko bake elkarrizketen hasieran, eta atzora arte zegoen indarrean.
"Erakunde horrek prestatuak dituen ekintzen inguruko informazio asko jaso dut, eta arretaz jokatzen ari gara, ekintza horiek saihesteko", adierazi du Santosek. Halaber, ziurtatu du FARCek menia bete duela: "Analisi bat egin dugu eta egia da nabarmen murriztu dela hildako edo zauritutako polizia eta soldadu kopurua". Edonola ere, erantsi du gerrillak eraso ugari egin dituela su etenak iraun duen bitartean.
Menia bertan behera geratzearekin batera, hainbat azpiegiturari eraso egin zien atzo FARCek Putumayo departamenduan, Kolonbia hegoaldean. Radio Caracolen arabera, hiru leherketa izan ziren San Miguel Orito oliobidearen beste hainbeste puntutan.
Bi hilabeterako eman zuen su etena FARCek azaroaren 20an. Gatazkak Aztertzeko Baliabide Zentroaren datuen arabera, bi hilabete horietan zehar 31 hildako izan dira: bi zibil, Kolonbiako Armadako lau militar eta 25 gerrillari.