Caracol irrati katean hitz egin du Garzonek. Hark baino lehenago, ordea, Juan Manuel Santos presidenteak egin ditu adierazpenak, eta aitortu du denbora gobernuaren kontra dagoela FARCekin bake hitzarmen bat sinatzeko prozesuan. "Denborak estutzen du, jendeak bakea nahi du baina azkarrago aurrera egiteko eskatzen digu", esan du.
Iazko urriaren 8an Oslon eta azaroaren 19an Habanan ekin zieten bake elkarrizketei Kolonbiako Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek. Bost puntuko agenda ezarri zuten; nekazaritzaren garapena, parte hartze politikoa, gatazka armatuaren amaiera, drogen negozioa eta biktimen auzia dituzte eztabaidagai.
Maiatzaren 26an, nekazarien lurrei buruzko akordioa erdietsi zuten bi aldeek, elkarrizketak hasi eta sei hilabetera. FARCen parte hartze politikoa ari dira eztabaidatzen, eta drogen negozioari buruzko foro sozial bat ere prestatu dute irailaren 24tik 26ra eta urriaren 1etik 3ra.