Hugo Chavez Venezuelako presidenteari FARC gerrillarekin bitartekari lanak egiteko eskatu zion joan den abuztuan Alvaro Uribe Kolonbiako presidentearen Gobernuak. Bitartekaritza hori amaitutzat eman du Kolonbiako Gobernuak Chavezen esku-hartzea urrunegi joan dela iritzita.
Bitartekaritza bertan behera uzteko Uriberen Gobernuak eman duen arrazoia da Kolonbiakoarmadako buruzagiekin mintzatu dela Chavez, eta hasieratik ohartarazi ziotela horrelakorik egiterik ez zutela nahi. Azaroaren 10ean Uribe eta Chavez elkarrekin izan ziren Txilen, Iberoamerikako Goi Bileran, eta Kolonbiako Gobernuko iturriek agertu dutenez, Uribek han bertan esan zion Chavezi ez zitzaiola egoki iruditzen armadaburuekin harreman zuzena izatea.
Nolanahi ere, azken egunotan agerian geratu dira Uriberen eta Chavezen arteko desadostasunak. Venezuelako presidentea FARCen sortzaile eta buruzagi Pedro Antonio Marin Tirofijo-rekin biltzearen alde agertu da, eta Uribek oroitarazi dio horretarako bahituak aske utzi behar dituela FARCek eta bake prozesuan murgildu. Hala eta guztiz, FARCeko buruzagiarekin batzartzea komenigarria dela nabarmendu zuen Chavezek herenegun; areago, Marinek bahituak bizirik daudela erakusten duten frogak agindu dizkiola agertu zuen.
Kolonbiako gatazka
Kolonbiako Gobernuak amaitutzat eman du FARCekin negoziatzeko Chavezen bitartekaritza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu