Kolonbiako korteak konstituzioaren kontrakoa dela adierazi du Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiaren gobernuak eta AEBetako gobernuak 2009ko urrian sinatutako akordioa. Akordio horren arabera, AEBei Kolonbiako lurretan zazpi base militar jartzeko baimena eman zitzaien. Orain, urtebeteko epea izango du Kongresuak hitzarmena zuzendu eta tramitatzeko.
Mauricio Gonzalez Kolonbiako Gorte Konstituzionaleko presidenteak eman zuen atzo epaiaren berri. Hitzarmena egiteko akordioa kongresutik pasa gabe egin zuten, segurtasun kontuak zirela eta. Beraz, erabakia ez zen hartu "legeak agintzen duen gisan". Gonzalezek gehitu zuen zuzendu egin behar direla "atzerritarrek armak eduki eta erabiltzeko baimenak" ere.
Hitzarmenak Kolonbian ez ezik inguruko herrialdeetan ere kritika ugari jaso zituen. Venezuelarekin Kolonbiak zituen harremanak asko okertu ziren, eta Hugo Chavezek adierazi zuen, AEBen base militarrak Kolonbian izatea "ordu guztietan arriskua izatea" zela. Evo Moralesek ere desadostasuna agertu zuen Kolonbiarekin: "Atzerritarren base militarrak dauden artean, ez da gure artean elkar ulertzerik izango". Brasilgo presidenteak ere, Luis Inacio Lula da Silvak ere kritikatu egin zuen hitzarmena.
Ikusteko dago orain zein erabaki hartuko duen Kolonbiako Kongresuak.
Mundua
Kolonbiako korteak konstituzioaren kontrakotzat jo du AEBek base militarrak bere lurretan jartzeko akordioa
Kolonbiako Kongresuak akordioa berrikusi eta berriz onartu beharko du urbeteko epean. Hitzarmena Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiaren gobernuak eta AEBetakoak sinatu zuten 2009ko urrian. Kolonbian zazpi base militar jartzeko baimena eman zieten AEBei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu