KOLONBIAKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK. Ezkerra koalizioan aurkeztuko da gaurko bozetara, Uriberi irabazteko

ELNk su-etena aldarrikatu du, hauteskundeak direla eta; FARCek, aldiz, errepideak moztu ditu, bozak boikotatzeko asmoz

arantxa elizegi egilegor
2006ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hiru hilabeteko epean bi aldiz joan beharko dute bozkatzera kolonbiarrek. Gaur Senatua, Kongresua eta oposizioko bi alderdi nagusietako Presidentetzarako hautagaiak aukeratu beharko dituzte. Maiatzean, berriz, hurrengo presidentea izango dena. Hala ere, ez dirudi Presidentetzan aldaketarik izango denik. Egungo presidente Alvaro Uribe berriz aurkeztuko da maiatzeko bozetara, eta, inkesten arabera, bera da irabazteko faboritoa. Azken galdeketek botoen %48,4 ematen dizkiote kontserbadoreen buruari.

Inkesten arabera, Alderdi Liberala (eskuina) geratuko da bigarren, botoen %15,5ekin. Oposizioko alderdi nagusia da liberalena. Baina taldea banatuta aurkeztuko da bozetara, alderdiko hainbat kidek Uriberekin bat egin dutelako.

Ezkerra bat eginda

Hauteskundeak gainean zituztela ikusita, Kolonbiako ezkerreko bi alderdi nagusiek bat egitea erabaki zuten joan zen abenduaren hasieran. Polo Demokratiko Independenteak (PDI) eta Alternatiba Demokratikoak (AD) bat egin, eta Polo Demokratiko Alternatiboa sortu zuten. Hasieran, inkestek botoen %17 inguru lortuko zituztela zioten. Antonio Navarroren eta Carlos Gaviriaren artean aukeratu beharko dute herritarrek Kolonbiako Presidentetzarako ezkerraren hautagaia izango dena.

Geroztik, asko aldatu da egoera. Koalizioa bitan banatu da: moderatuak batetik, eta muturrekoak bestetik. AD aliantzako kide diren MOIR Langileen Mugimendu Independente eta Iraultzaileko eta Alderdi Komunistako zenbait kide, Gustavo Petro buru zutela, Bogotako alkate eta PDIko kide Lucho Garzonen politika kritikatzen hasi dira. Era berean, alderdi horiek Bogotan dituzten zinegotziek ez dituzte sostengatu Garzonen proposamenak. Horrek PDIko kideen haserrea eragin zuen. Kolonbiako Senatuko eta Kongresuko 265 eserlekuak lortzea helburu duten 3.000 hautagai inguruk joan zen igandean amaitu zuten bozetarako kanpaina. Azken astean, hitzaldiak ematen eta ekitaldiak egiten jarraitu duten arren, leku itxietan egin behar izan dituzte. Azken 48 orduetan, berriz, gogoetarako denbora utzi diete herritarrei.

ELNren su-etena

ELN Nazio Askapenerako Armadak behin-behineko su-etena eman zuen joan zen astean, hauteskundeak zirela eta. «ELNk errespetatu egiten du pertsonen erabakia, eta, beraz, ez da egingo martxoaren 12ko bozak trabatuko dituen ekintza militarrik», azaldu zuen ELNko buruzagi militar Antonio Garciak. Talde armatua Gobernuarekin negoziatzen ari da Kuban, bake prozesua hasteko bidea irekitzeko asmoz.

FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak taldea, baina, bozak boikotatzen ari da. Asteazkenean 70 gerrillari desarmatu zituen arren herrialdeko zenbait tokitan «paro armatua» egiten ari direla salatu zuten agintariek. Gerrillariek garraio publikoa eten, eta errepideak moztu dituzte herrialdearen hegoaldean. Ondorioz, gaur kolonbiar asko eta asko ezin joango dira bozkatzera. Hori ikusita, Uribek segurtasun neurriak handitu ditu. Segurtasun indarretako 370.000 kide alertan daude. Hala ere, herenegun zazpi gerrillari eta zortzi soldadu hil ziren konfrontazioetan, hiru eskualdetan. Kolonbiako Armadak, berriz, hiru ibilgailu eta armak kendu zizkieten gerrillariei.Bestalde, AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak talde paramilitarreko 2.000 kide inguruk armak utzi zituzten herenegun. Jada 26.000 inguru dira desarmatu diren paramilitarrak. Horren truke, besteak beste, zigor txikiagoak jasoko dituzte. Giza eskubideen aldeko erakundeak, baina, kezkatuta daude haiek egindako gerra krimenak zigorrik gabe geratuko direlako. Zenbait iturriren arabera, berriz, zenbait alderdiren zerrendetan paramilitarren izenak aurki daitezke. Besteak beste, Uriberen hautagaitza babesten duten alderdietan.

-

EMAKUMEZKO HAUTAGAIAK



Senaturako hautagaien %20 soilik dira emakumeak



Emakumeek instituzioetan izan behar duten gutxieneko lekua zehazten du Kuota Legeak. Haren arabera, administrazio publikoko goi karguen %30 emakumeentzat izan behar dute. Legeak, ordea, ez ditu alderdi politikoak aipatzen. Ondorioz, horiek ez daude halakorik egitera behartuta. Zenbait mugimenduk emakumeei «toki esanguratsua» uzteko konpromisoa hartu zuten duela hilabete batzuk, baina ez dute bete. Kolonbiako presidente Alvaro Uribe buru duen Alderdi Kontserbadorearen zerrendan, esaterako, hiru emakume soilik agertzen dira. Orotara 147 emakume hautagaien %20 aurkeztuko dira igandean egingo diren Kolonbiako Senaturako hauteskundeetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.