Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak baieztatu du gatazka armatua amaitzeko hartu-emanak hasi dituztela FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrarekin. "Herritarrei argi adierazi nahi diet aldeen arteko hurbiltze bat izan dela". Adierapen horiekin, Venezuelako Telesur telebista kateak aurreratutako informazioak berretsi ditu Santosek: Kolonbiak eta FARCek bake negoziazioak hasi dituztela. Hedabidearen arabera, urriaren 5ean hasiko dituzte elkarrizketak, Oslon (Norvegia).
Elkarrizketa gidatuko duten lau abiapuntu nabarmendu ditu Santosek: giza eskubideak bermatzea, gizarteratzea, parte hartze politikoa eta herri garapena. "Lehenik, iraganeko hutsetatik ikasiko dugu, etorkizunean berriro gerta ez daitezen. Bigarren: edozein prozesuk gatazkaren amaiera ekarri behar du, ez haren luzapena. Eta hirugarren: armadaren hedapenak eta operazio militarrek bere horretan jarraituko dute", adierazi du presidenteak.
FARCek iazko abuztuan eman zuen bake prozesua abiarazteko lehen pausoa. Irtenbide politiko bat martxan jarri beharra dagoela nabarmendu zuen erakunde armatuak 50 urte baino gehiago borrokan aritu ostean. "Elkarrizketa da bidea", esan zuen Alfonso Cano erakundeko orduko buruzagiak —azaroan hil zuen armadak—, eta Santosi gogorarazi zion karguaren zina egiteko orduan gorrotoa albo batera uztea eta bake prozesua abiaraztea hitzeman zuela. Urtebete geroago, gobernuak eta FARCek bake prozesua hasteko akordio bat sinatu dute Kuban.
Kolonbiako presidenteak ELN Nazioa Askatzeko Armadari ere —herrialdeko bigarren gerrilla— gonbita egin dio negoziazio mahaian parte hartzeko. "Ondorengo egunetan, harreman horien emaitzak jakingo dira", esan du Santosek.
Ia 50 urte borrokan
Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko borrokak ia 50 urte ditu; 1966. urtean hasi ziren, estatu kolpea eman zuten militarren kontra, Alderdi Komunistaren lehen talde armatuaren bigarren konferentzian Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) sortu zirenetik.
1998an izan zen FARC eta Kolonbiako Gobernuaren arteko lehen hartu emana. Orduan, Andres Pastrana Kolonbiako presidentetzarako hautagaia (ondoren presidente izango zen) eta Pedro Antonio Marin FARCen sortzailea bildu ziren. 1999ko urtarrilean bake prozesuari hasiera eman zioten, baina hiru urte besterik ez zuen iraun. 2002an bi aldeek adostutakoa ez betetzea leporatu zioten elkarri, eta, beraz, bake prozesua bertan behera geratu zen. Latinamerikako talde armatu zaharrena da FARC.