FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak elkarrizketei berriz ekiteko eskatu dio gobernuari. Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruak. «Herrialdeaz hitz egiteko» proposamena egin dio Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari, egoera ekonomikoaz eta armadaren ekintzez eztabaidatzeko. Elkarrizketak bertan behera gelditu ziren 2002an, Andres Pastranaren gobernuak 1998an El Caguanen FARCekin ados jartzen saiatu ondoren.
FARCeko buruaren esanetan, «gezurrik gabeko bilera bat» egin nahi dute: «Elkarrizketa mahai hipotetikoa egitea interesatzen zaigu, herrialdearen egoeraz hitz egiteko. Besteak beste, pribatizazioaz, merkatuaren demokratizazioaz, inbertsio askatasunaz eta militarren doktrinaz eztabaidatu nahi dugu». Horrez gain, FARCen arabera, armadak Catatumbo eskualdea inguratu du, bertan gerrillariak daudela egotzita: «Catatumboko indigenen lurraldeetara gerturatu dira, laguntza eskaintzeko aitzakiarekin, baina haien benetako helburua multinazionalei herrialdean sartzen laguntzea da. Hori gertatuz gero, indigenek beren lurrak utzi beharko dituzte, bertan daudelako ikatz eta eta petrolio iturriak».
Hitza konponbide
FARCen arabera, ekintza armatuek Kolonbian bizi-baldintza gogorretan dauden herritarren interesak defendatzen dituzte, baina orain haien ahotsa entzunarazi nahi dute. Timochenkoren esanetan, Santosek ez zuen 2002ko elkarrizketekin jarraitu nahi izan, eta orain beharrezkoa da «denen ahotsak» entzutea. «Ez da erabateko egiarik existitzen, eta bakoitzaren ikuspuntua entzun eta eztabaidatu behar da. Entzuten ez badu, berriz ere ekintza odoltsuak izango dira».
Timochenkok iaz hartu zuen FARCeko buruzagi postua, azaroaren 4an Kolonbiako armadak Guillermo Leon Alfonso Cano hil ondoren. FARCek egun gutxiren buruan izendatu zuen buruzagi berria, eta borrokan jarraitzeko asmoa agertu zuen.
Kolonbiarekin berriz ere elkarrizketei ekiteko prest dago FARC
Timochenkok egoera ekonomikoaz eta armadaren ekintzez eztabaidatu nahi du Bogotako agintariekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu