Kolonia gehiago eraikiz erantzun dio Israelek bake negoziazioen bilerari

Laukotearen eskariz, negoziatzeko elkartu dira palestinarrak eta israeldarrak; ez dute bileratik ezer lortzeko itxaropenikPANek ohartarazi du negoziazio saioak porrot egiten badu neurriak hartuko dituela

2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Hamasei hilabete igaro eta gero, lehen aldiz, mahaiaren bueltan eseri dira palestinarren eta israeldarren negoziazio buruak aurrez aurre. Ekialde Hurbilerako Laukotearen —AEB, Europako Batasuna, Errusia eta NBE Nazio Batuen Erakundea— eskaerari erantzunez elkartu dira, eta bakea lortzeko elkarrizketak hastea posible ote den aztertzeko izan da bilera. Bi aldeek, baina, hasi aurretik adierazi dute ez dutela itxaropenik bilera horretatik ezer ateratzeko. Israelek, hain justu, okupatutako lurraldeetako kolonietan 300 etxebizitza eraikitzeko baimena eman du bilerara joan aurretik, eta bere jarrera aldatzeko asmorik ez duela agerian utzi du eta negoziazioak porrotera kondenatu.

Palestinarrek behin eta berriz esandako bi baldintzak errepikatu dizkiote Tel Avivi: nazioarteko legedia urratzen duen kolonia politika etetea eta 1967ko mugetan oinarritutako bi estaturen irtenbidea onartzea. Israeldarrek, berriz, euren betiko eskakizuna jarri dute mahaiaren gainean: aurrez baldintzarik ez egotea, hain zuzen ere. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, gainera, beste oztopo bat jarri du elkarrizketetarako: Hamasen eta Al Fatahen arteko adiskidetzea. Izan ere, batasun nazionaleko gobernua osatzeko negoziatzen ari dira palestinarrak, baina Israelek argi utzi du ez duela Hamas kide duen gobernu batekin hitz egingo, talde terroristatzat baitauka.

Marwan Bixara Al-Jazeera telebista kate arabiarreko analistak uste du negoziazio saioak huts egingo duela, israeldarrek kolonia politika aldatzeko asmorik ez dutelako eta hala egin ezean palestinarrek ez dutelako ezer negoziatuko. «Palestinarrentzat ez du zentzurik pastelaren inguruan negoziatzen aritzeak Israel pastela jaten ari den bitartean», adierazi du. Israelen kolonia politikak eragin zuen, hain zuzen, 2010eko irailean bake negoziazioak etetea.

Jordanian egin dute bilera Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziazio-buruak eta Itzjak Moljo israeldarren ordezkariak. Biek argi utzi nahi izan dute negoziazioak martxan jartzeko bilera izan dela, baina elkartu izanak ez duela negoziatuko dutenik esan nahi. Bi aldeen eszeptizismoari aurre egin nahi izan dio, bitartean, Mohammed Kayed Jordaniako Atzerri ministroak, Laukoteak bultzaturikoa «bakea lortzeko ahalegin serioa» dela aldarrikatuz, eta israeldar nahiz palestinarrei aukera ez galtzeko eskatuz.

Israelen kontrako setioa

Tel Avivek palestinarren bi baldintzak betetzen badituzte negoziatzera eseriko direla hitzeman du Mahmud Abbas PANeko buruak. Era berean, ordea, bake negoziazioak berriz ere martxan jartzeko planak huts egiten badu neurri gogorrak hartuko dituztela ohartarazi dio Abbasek Tel Avivi. Haaretz egunkariak, hain zuzen, palestinarrak nazioartean Israelen kontrako setioa prestatzen ari direla jakinarazi du berriki.

Urtarrilaren 26a jarri du PANek muga egun gisa. Epe hori heldu artean bi aldeak negoziazio mahaira itzultzeko bat etortzen ez badira «neurri berriak» hartuko dituztela iragarri du Abbasek, eta horiek «gogorrak» izango direla. NBEn eskubide osoko kide izateko eskaera berriz egiteko prest daudela diote informazio iturri palestinarrek, eta baita nazioartean lurralde okupatuetako kolonien inguruko gaitzespena eskatzeko ere.

Hamas, negoziazioen kontra

Atzoko topaketa gogor kritikatu du, bestalde, Hamas alderdi islamistak. Izan ere, azken hogei urtetan behin eta berriz huts egin duten elkarrizketak errepikatzeari zentzurik ikusten ez diola dio alderdiak. Horrez gain, Laukotearen kontra ere egin du, AEBen kontrolpean dagoen erakundea dela ohartaraziz, eta Israelen interesei men egiten diela kritikatuz, palestinarrak baztertzen dituen bitartean.

Espetxean dagoenMarwan Barghouti Al Fataheko kide ospetsuak ere Ammanen egin duten bileraren kontra hitz egin du, negoziazioak hilda daudela esanez, eta «hildako gorputz bati arnasa emateak» zentzurik ez duela kritikatuz. Horrez gain, bere alderdiari NBEan aitortza lortzeko ahaleginean jarraitzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.