Koloniak eraikitzeari utzi gabe negoziatzen hasteko aukera baztertu du Israelek

Laukoteak egindako proposamenarekin abiatzeko prest egon dira palestinarrak, 100 preso askatzearen truke

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Palestinarrak eta israeldarrak negoziatzera esertzeko Laukoteak landutako proposamen berriari ezezkoa eman dio Israelek, atzo Yediot Aharonot eta Haaretz egunkari israeldarrek emandako informazioaren arabera. Bi aldeek aurrez ezarritako baldintzak gainditzen saiatu dira, baina ondoren jarritakoek zapuztu dute aukera. Berrikuntza handiena Israelek koloniak eraikitzen jarraituta ere palestinarrak esertzeko prest egotea izan da, baina horren truke 100 preso historiko aske uzteko baldintzarekin ez da bat etorri Tel Aviv.

Yediot Aharonot-ek zehazten du duela bi aste onartu zuela PANek, Palestinako Aginte Nazionalak, Zisjordaniako koloniak eraikitzeari uztea ez zela baldintza izango hasierako negoziazioetarako, baina, horretarako, borondate onari keinu bat egin behar zion Israelek: Osloko akordioaren aurretik preso dauden 100 palestinar askatzea izan da ezarritako baldintza. Urte askotarako kondena dute denek, atentatuetan parte hartzeagatik, eta Oslokoaren ondoren ezarritako indultuetatik kanpo geratutakoak dira denak.

Benjamin Netanyahuk ez du baldintzarik onartzen negoziatzen hasteko, ezta onartuko ere, beste behin berretsi duenez. Gainera, uste du negoziatzeko aukerak murrizten ari direla Hamasek eta PANek palestinarren batasun nazionaleko gobernua osatze aldera egiten ari diren hitzarmenak aurrera egiten duten neurrian, Hamasek osatuko duen gobernurik ez baitu inoiz onartuko Netanyahuk.

2010etik daude ez aurrera eta ez atzera bi aldeen arteko negoziazioak. Orduko hartan, hizketan hasi eta hiru astera, Israelek ez zuen luzatu hamar hilabetean iraun zuen kolonien eraikuntza eteteko erabakia. Ordutik, hori izan da PANen baldintza nagusia hitz egiten hasteko. Haaretz-en arabera, PANek amore eman du puntu horretan Laukotetik jaso dituen «presio izugarriaren» ondorioz. AEBek, Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak eta Errusiak nahi dute bi aldeak datorren urtarrilaren 26a baino lehen elkarrizketa saioekin hastea. Egun horretan amaituko da taldeak bi aldeei emandako epea. PANek Nazio Batuen Erakundera jo ostean Laukoteak ondorioztatu zuen Palestinako Estatua aldarrikatu aurretik negoziatu behar zela, eta ahalegin guztiak horretan jarriko zituela. Segurtasun neurrien eta mugen inguruko auziak negoziatzen hastea du helburu Laukoteak, iraganean aurrera urrats gehien egin diren puntuak.

Kolonoen atxiloketak

Sei kolono atxilotu dituzte Israelgo segurtasun indarrek, besteak beste, teniente koronel bat zauritu zuten ekintzan parte hartu dutelakoan. Ekintzaileok Muinoko Gazteak mugimenduko kideak dira, kolonoetan muturreko joera agertzen dutenak, eta Israelek berak ere legez kanpokotzat jotzen dituen Zisjordaniako kolonietan bizi dira.

Duela bi edo hiru urte koloniak altxatzea zen euren egiteko nagusia, baina, azkenaldian, etengabe eraso diete palestinarrei, eta erre diren meskiten atzean daudela diote segurtasun indarrek. Atzo beste bat erre zuten Jerusalemen. Sei atxilotuetako inor auzipetzea erabakiz gero, auzitegi militarretan epaituko dituzte. Prozesua azkarragoa izaten da horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.