Viktor Janukovitxek oraindik Ukrainako presidentetzari eusten badio, neurri handi batean oposizioko lider argi baten gabeziari esker eusten dio. Baina asteotan gobernuaren aurka azaldu diren alderdietako buruen artean, besteen gainetik agertzen da bat, Vitali Klitstxko, eta ez soilik bi metro luze delako.
Munduko Boxeo Erakundeko pisu astuneko egungo txapelduna, bere kirol lorpenengatik Ukrainako Heroi titulua jasotakoa eta Kirol Zientzietan doktorea da Klitstxko. 2005ean sartu zen politikan, eta, orain, berak sortutako UDAR Erreformarako Aliantza Demokratiko Ukrainarrak buruzagia da —ukraineraz, kolpe da udar—. Boxeolaria birritan saiatu da Kieveko alkatetza lortzen, eta 2012ko hauteskundeetan haren alderdia Ukrainako Parlamentuan sartu zen lehen aldiz, berrogei aulki eskuratuz.
Klitstxkok urri honetan azaldu zuen 2015eko bozetan presidentetzara aurkezteko asmoa. Eta ez da bera Janukovitx garaitu dezakeela uste duen bakarra. Der Spiegel Alemaniako aldizkariak asteartean azaldu zuen moduan, Europako Alderdi Popularrak (EAP) espero du 2015erako Klitstxko gai izango dela bere inguruan biltzeko Janukovitxen kontrako oposizioa. Zehatzago, Klitstxko horretarako prestatzen ari dira bai EAP bai Konrad Adenauer Fundazioa, Merkelen alderdi kristau-demokratarekin zuzenean lotutakoa. Europako Batasunaren aldeko lider indartsu bat prestatzen, hori bai, 2015erako Merkelek ez baitu bat-bateko erregimen aldaketarik nahi Ukrainan oraingoz.
Hala, dagoeneko UDAR alderdia EAPko kidea da, begirale gisa. Eta Ukrainako alderdi horretako hainbat kide izan dira EAPko bulegoetan prestakuntza jasotzen, adibidez, alderdiaren nazio mailako egiturak garatzeko eta ardura politikoetan aritzeko gaitasuna lantzeko.
Klitstxkok berak ere prestakuntza zuzena jaso du azkenaldian. Adibidez, Merkelen aholkulariek erakutsi diote nola aurre egin Europako ekialdean oposizioko kideren bat garrantzia hartzen hasten denean agintariek haren aurka abiatzen dituzten difamazio eta zurrumurru kanpainei.
Boxeolaria oraingoz neurria ematen ari dela uste dute haren bultzatzaileek. Eta, hizlari bikaina izan ez arren, boxeolaritzarrak badu itzalik Independentzia plazan egunero biltzen diren manifestarien artean ere. Hori agerian gelditu zen abenduaren 1ean, protesta bor-bor, jende bat gobernuaren egoitzara abiatu zenean, Poliziari aurre eginez. Klitstxkok, bozgorailua hartu, eta "geldi, tranpa bat da!" esanez gelditu zituen, eta Independentzia plazara itzuli ziren guztiak.
Lider indartsu gisa agertzeko, Klitstxkoren hurrengo pausoa lider boteredunen ondoan agertzea da. Eta hori ere eskainiko dio Merkelek, datorren asteko Europako Kontseiluaren gailurrera gonbidatu baitu Klitstxko.