Amadou Sanogo Maliko militar matxinoen buruak «erabateko askatasunez, demokratikoki eta adostasunez» erabaki nahi du herrialdearen etorkizuna. Hala jakinarazi du, eta horretarako bihartik hasita nazio batzar bat egingo dutela esan du. Bertara biltzeko eskatu die Maliko alderdi politiko guztiei eta gizarteko ordezkari guztiei. Izan ere, guztiek onartuko dituzten ondorioak lortzea da batzarraren helburua Sanogoren hitzetan.
Herritarrei Maliko etorkizuna erabakitzeko prozesuan parte hartzeko deia egiteaz gain, esan du martxoaren 22an boteretik kanporatu zuten Amadou Toumani Toure presidente ohia epaitu egingo dutela.Goi mailako traizioa eta funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen diote. Estatu kolpeaz geroztik ez dute haren berri eman, eta oraingoan ere ez du argitu Toure non dagoen.
Azken egunetan Malin egoerak okerrera baizik egin ez duela esan du NBE Nazio Batuen Erakundeko Arazo Politikoetarako idazkari nagusiorde Lynn Pascoek. Azawad eskualdeko tuareg miliziano independentisten matxinadaren, militarren estatu kolpearen eta nazioarteak ezarritako bakartzearen eraginez, herrialdea gizahondamen bat jasateko zorian dagoela dio NBEk. Urtarrilaz geroztik, hain zuzen, tuaregen protestek 200.000 desplazatu eragin dituela jakinarazi du Pascoek. Errefuxiatu gehienek zalantzan jarri dute tuaregen auziak irtenbide baketsu bat izango duela.
Estatu kolpea eman zuten militarrek, hain zuzen, laguntza eskatu diote nazioarteari tuaregen aurrerabidea geldiarazteko, baina nazioartetik zigorrak eta gaitzespen mezuak baizik ez dituzte jaso. Atzo, AB Afrikako Batasunak zigorrak onartu zituen militar matxinoen eta tuareg erreboltarien kontra. Ondasunak izoztu dizkiete eta bidaiatzea debekatu diete hainbat laguni. Herrialdeko politikarien segurtasunaren aurkako ekintzen erantzukizuna Junta Militarrari egotziko diola ere ohartarazi du ABk. Herenegun, berriz, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoak baimendua ezarri zion Maliri, kolpistek ez dutelako agintea uzteko etakonstituzioa berrezartzeko eskaera bete. Zigorrak Mali erabat bakartuta utz dezake, merkataritzaren beharrizan handia baitauka herrialdeak. Junta Militarrak bahimendua gogoan hartzen duela dio, eta elkarrizketa eskatu du krisia konpontzeko. Burkina Fasok ezetz erantzun dio.
Ecowasek eskatu duen bezala agintea zibilen esku uzteko lanean ari direla azaldu du Sanogok. Alderdi politikoekin eta bestelako erakundeekin hizketan hasi direla dio, eta harreman horien emaitzen zain daudela trantsizio politikoa hasteko.
Herritarrak, bestalde, gasolina zerbitzuguneetara eta dendetara jo dute trumilka hornidura bila. Izan ere, bahimenduaren eraginez prezioek gora egingo dutela eta, kezkatuta daude. Hainbat herritarrek elikagaien prezioek jada igo egin direla salatu dute.
Oposizioaren babesa
Nazioartean herrialde gehienek estatu kolpea gaitzetsi badute ere, militar matxinoek oposizioko hainbat alderdiren babesa jaso dute etxean. SADI Afrikako Elkartasuna Demokraziaren eta Independentziaren Alde alderdiko buru Oumar Marikok baiezkoa eman dio Sanogoren batasun gobernua osatzeko proposamenari. Kolpistek kanporatutako Toure Frantziaren txotxongiloa zela salatu du. «Ez dugu ordena zaharra berrezartzerik nahi», adierazi du Ecowasen eskaera kritikatuz.
Herrialdean hainbatek NATOri egotzi dio krisiaren ardura, Libiako esku hartze militarra dela eta. Frantzian ere alderdi komunistak Nicolas Sarkozy presidenteari Maliko krisia eragitea leporatu dio, eta SADIri babesa agertu dio. Gobernua tuaregei aurre egiteko gai ez zela salatu zuten militarrek, eta horixe izan zen estatu kolpea arrazoitzeko eman zuten azalpena. Tuareg miliziano independentistak, hain justu, Libiako gerratik armaz josita eta entrenatuta itzuli ziren, eta Azawad eskualdearen independentziaren aldeko borrokak hasi zituzten.
Oharra NATOri
Duela hilabete, Toure presidenteak L'Express egunkarian Muammar Gaddafik herrialdean egonkortasuna bermatzen zuela azaldu zuen. «Gaddafik armagabetzeko eta gizarteratzeko konpromisoa hartu zuen tuaregen auzian. Hasieratik ohartarazi genion NATOri Libiako krisiaren zehar ondorioak zeintzuk izan zitezkeen, baina ez ziguten entzun».
Maliko iparraldeko tuaregak baztertuta sentitzen direla kontatu du, bestalde, Pierre Boilleyk, CEMAF Afrikako Ikerketen Zentroko zuzendariak, eta horixe izan dela askorentzat armetara jotzeko arrazoia. «Tuaregak gizarteratzeko politikek huts egin dute, eta horrek atsekabea handitu du».
Bestalde, tuaregen artean ere tentsioa handia da. Izan ere, MLNA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak eta Ansar Dine erakunde islamistak, borrokatzeko bat egin badute ere, interes ezberdinak dituzte. MLNAk esan du behin Azawad askatuta borrokak geldituko dituztela. Ansar Dine erakunde islamistaren helburua, aldiz, ez da independentzia lortzea. Al-Qaedarekin lotura duen talde horrek dio herrialdean xaria —lege islamikoa— ezarri nahi duela.
Kolpistek nazio batzarrera deitu dute, Maliko etorkizuna adosteko
Herrialdeko alderdi eta ordezkari guztiei batzarrean parte hatzeko gonbita egin diete; presidente ohia traizioagatik epaituko duteABk zigorrak onartu ditu Junta Militarreko buruzagien eta tuareg matxinoen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu