Bronislaw Komorowski Herri Plataformako hautagai liberala izango da Poloniako presidente berria, berak irabazi duelako hauteskundeetako bigarren itzulia. Botoen %95 zenbatuta direla, %52,63ko babesa jaso du. Jaroslaw Kaczynski Legea eta Justizia alderdiko hautagai kontserbadoreak, berriz, %47,37koa.
Aurreko presidentea istripuz hil zelako egin dituzte bozak orain -berez udazkenean zituzten-. Lech Kaczynski apirilean zendu zen hegazkin istripuan, Smolensken (Errusia) -95 lagun gehiago hil ziren ezbeharrean-. Jaroslaw Kaczynskiren anaia bikia zen.
Komorowskik herrialdea aldatu nahi dutenen botoa bereganatzeko ahalegina egin du kanpainan. "Ezinikusia eta erresumina eragiten duen baten, eta Poloniaz ikuspegi baikorragoa duen beste politikari baten artean aukeratu behar dute herritarrek". Komorowski europazaleagoa da eta, kontserbadorea izanagatik, ekonomia liberalaren aldeko da.
Poloniako Hauteskunde Batzordearen arabera, parte-hartzea %55,29koa izan da. Atzo egin zituzten bozak. Lehen itzulia ekainaren 20an izan zen eta, inork ez zuenez gehiengo osoa lortu, bigarren itzulia egin behar izan dute. Aurreneko bueltan bost puntuko aldea atera zion Komorowski Kaczynskiri.
Ekainaren 20an Ezker Demokratikoaren Alderdiak %13 eskuratu zuen, eta haiek konbentzitzen ahaleginak egin dituzte Komorowskik eta Kaczynskik.
munDUA
Komorowski liberalak irabazi ditu Poloniako presidentetza hauteskundeak
%52,63ko babesa jaso du bigarren itzulia. Kaczynski kontserbadoreak %47,37koa. Apirilean aurreko presidentea hil zelako egin dituzte bozak orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu