Hauteskundeak Polonian

Komorowskik eskuratu du boto gehien, baina bigarren itzulian erabakiko da Poloniako presidentetza

Hautagai liberalak botoen %41 jaso ditu. Jaroslaw Kaczynki kontserbadorea hurbil izan du, ordea, %35ekin. Uztailaren 4an egingo da bigarren itzuliko bozketa. Berez, udazkenean ziren egitekoak Poloniako presidentetzarako hauteskundeak, baina Lech Kaczynski presidente kontserbadorea hegazkin istripuz hil zenez aurreratu beharrean gertatu dira.

2010eko ekainaren 21a
11:59
Entzun
Inkestek aurreikusitakoa bete da Poloniako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzuliko bozketan: Bronislaw Komorowski hautagai liberalak eskuratu du boto gehien (%41), baina ez lehia bigarren itzulirik gabe erabakitzeko adina. Izan ere, Jaroslaw Kaczynski hautagai kontserbadorea hurbil ibili du, botoen %35ekin. Ezkerraren hautagai Grzegorz Napieralski izan da hirugarren, baina beste bietatik urrun, botoen %13rekin. Beraz, Komoroswski eta Kaczynski buruz buru lehiatuko dira bigarren itzulian.

Nolanahi ere, bereziak gertatzen ari dira Poloniako presidentea aukeratzeko boz hauek. Izan ere, udazkenean ziren egitekoak, baina iragan apirilean Smolensken (Errusia) jazotako hegazkin istripuan Lech Kaczynski presidentea hil egin zenez -hura eta beste 95 lagun, tartean, estatuko goi kargu ugari- aurreratu egin dituzte. Aurreratzeaz gain, istripu hark izan du bestelako eraginik bozetan: besteak beste, Lech Kaczynski presidente zenaren anaia biki Jaroslaw Kaczynskiren hautagaitza indartu egin du gertakari larri hark, eta kontserbadoreei bultzada eman die. Komorowski hautagai liberala, berriz, jarduneko presidente da Kaczyski hil zenetik.

Uztailaren 4an egingo da bigarren itzulia, eta orduan erabakiko da Poloniako hurrengo presidentea nor izango den. Istripuaren aurretik inork gutxik jartzen zuen auzitan liberalena izango zela garaipena. Orain, ordea, beste tankera bat hartzen hasi dira gauzak. Eta aditu askok uste dute buruz burukoan Komorowski galtzaile gerta daitekeela, hain justu, kudeatzaile ona izan arren karisma gutxikoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.