Komunismo garaitik aldaketa prozesuan

Goiz hasi zen Budapest liberalizazio neurriak hartzen, 1968. urtean

2003ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Politiko eta ekonomikoki Europako Batasunean sartzeko prestatuta dago Hungaria, Bruselak berak onartu duenez. Administrazio eta justizia sisteman egindako aldaketak goraipatu ditu Europako Batzordeak egindako azken txostenak, baita ustelkeria, iruzur eta diru zuriketaren aurkako neurriak ere. Gainera, Barne Produktu Gordina altua da eta langabezia nahiko txikia. Europako Batzordeak nabarmendutako oztopoak dira, batetik, ijitoen bazterketa populazioaren %10 eta, bestetik, nekazaritza sektorearen erreforma eskatu baino txikiagoa.

Hungariako Legebiltzarreko gutxiengoen eskubideen ararteko Jenoe Kaltenbachek gogor kritikatu zituen Estatuko funtzionarioak, ijitoen bazterketaren aurkako neurriak ez hartzeagatik. Hala, irailean, Budapest inguruko Pest herrian, 240 polizia gazte ijitoen hizkuntza (romania), gai etnikoak eta liskarrak nola eragotzi ikasten hasi ziren. Gobernuak zenbait neurri hartu ditu: ijitoak hezkuntza sisteman integratzeko neurriak, ijito enpresariei maileguak emateko plan bat eta funtzionarioek bazterketaren aurka lan egingo dutela bermatzeko neurriak.

Aldaketak

Komunismo garaian, 1968an, dagoeneko hainbat urrats eman zituen Hungariak merkatu librerantz eta, 1990eko lehen urteetarako, ekonomiaren erdia sektore pribatuaren esku zegoen. Zerga murrizketei esker, atzerriko inbertsio handiak erakarri zituen. Dena den, Danubioaren alde bakoitzean garapen ezberdina izan du: mendebaldea garatuago dago ekialdea baino.

Maiatzean EBko kide izango diren 10 herrialdeetatik bat egiteko eskaria egin zuen lehena izan zen, 1994an. 1999an NATOn sartzea onartu zuen eta 2007an eurogunean izango da. Ohi denez, agintari politikoak, negoziogizonak eta gazteak dira Batasuneko kide izatearen aldekoenak. Alderdi guztiek, eskuin muturreko MIEP Justiziaren eta Bizitzaren aldeko Alderdiak izan ezik 2002tik ez du ordezkaritzarik Legebiltzarrean. «Independentziari Europa zatitu batengatik uko egitea» egotzi dio Budapesti. Sozialista eta liberalen koalizioa dago gobernuan egun, Peter Medgyessy lehen ministroa buru dutela. Apirilaren 12an, EBko kide izateari buruzko erreferendumean, uste baino parte-hartze txikiagoa izan zen. Inkestek iragarri zuten herritarren bi herenek hartuko zutela parte eta baietza nagusituko zela. Baiezkoa nagusi izan arren (%84), parte-hartzea soilik %46koa izan zen.Hungariak arazoak izan ditu bizilagunekin Estatus Legearengatik (2001). Lege horrek baimena ematen die Lehen Mundu Gerraren ondotik inguruko herrialdeetan Eslovakia, Errumania, Ukraina, Serbia eta Montenegro, Kroazia eta Eslovenia bizi diren hiru milioi hungariarrei Hungarian lan egin, ikasi eta osasun artatzea jasotzeko epe mugatu batez. Eslovakia eta Errumaniak beren subiranotasuna urratzea leporatu zioten eta EBk berdintasun eskubidea urratzea. Uda honetan, hainbat aldaketa egin ditu legean Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.