Afrikako erdialdean dagoen Aintzira Handien eskualdeari bolbora eta su gehiago eransteko arriskuan da Kongoko Errepublika Demokratikoa, Gobernuak salatu baitu herrialdeko ekialdean eta ipar-ekialdean Ruandako Armada sartu dela, Ruandatik ihes egin eta Kongon aterpetutako matxino hutuei erasotzeko. Nazio Batuen Erakundeak Kongon duen behatzaileen misioak atzo ehun bat soldadu ruandar begiztatu zituen Kongoko lurretan. Kongoko Gobernuak gutun bat igorri zion NBEri, Segurtasun Kontseiluaren larrialdiko bilkura egin dezan, Ruanda gaitzetsi eta zigortzeko.
Ruandako presidente Paul Kagamek, bere aldetik, soldadu ruandarren presentzia baieztatu zuen atzo. Lehenago, herenegun, Legebiltzarrean berretsi zuen litekeena zela Ruandako soldaduak Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdean esku hartzea. Kagamek diputatuei esan zienez, Kongoko ekialdean 8.000 eta 10.000 inguru matxino hutu daude eta NBEk duela bost hilabete hasitako desarme programak ez duela matxinoen mehatxua indargabetu.NBEk Goman (Kongo) duen misioko buru M'hand Ladjuzik jakinarazi zuenez, NBEko indarrek ustezko soldadu ruandarrak ikusi eta gutxira hauek Ruandarantz erretiratu ziren. Kinshasan, Kongoko hiriburuan, NBEko eledun Patricia Tomek esan zuen NBEren misioa «txundituta» zegoela Ruandaren mehatxuaren aurrean. «Kongoko lurretan oraindik presente dauden atzerriko talde armatuak beren herrietara itzularaztearen aldeko egoeran gauden unean etorri da Ruandaren oharkizuna», esan zuen Tomek.Kongoko Gobernuak NBEri bidalitako gutunean eskatu zion Paul Kagame «Ruandak Kongoren subiranotasuna eta [Aintzira Handien] eskualdeko bake prozesu osoa arriskuan jartzeagatik erantzule egiteko». NBEko agintariek esan zuten erakundeak Kongon dituen 11.000 soldaduek ez zutela atzo arte Ruandako soldaduen zantzurik antzeman.
Kagameren baieztapena
Ruandako presidenteak Afrikako Batasunari gutun bat bidali zion joan den azaroaren 25ean informazioagentziek atzo izan zuten horren berri, Kongon tropak sartuko zirela azaldu eta operazioaren xehetasunak emateko. «Operazioa hasi eta 14 egun baino lehenago aterabide bat aurkitzea espero dut, Ruandako tropak gure mugetara itzuli ahal izateko».
Kagamek gaineratu zuenez, bere soldaduek «soilik matxinoak» jazarriko dituzte.
KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA
Kongoko ekialdean soldadu ruandarrak begiztatu dituela ohartarazi du NBEk
Ruandako presidenteak Afrikako Batasunari adierazi dio «soilik» Kongon aterpetutako «matxino hutuei» jazarriko dietela bere tropek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu