Nazioarteko Zigor Auzitegiak erruduntzat jo du Thomas Lubanga Kongoko Errepublika Demokratikoko gerrillako buruzagi izandakoa, haurrak soldadu bihurtzeagatik.
Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdeko Ituri eskualdean, 2002 eta 2003. urteetan 15 urte azpiko haurrak bahitzeagatik eta UPC Kongoko Abertzaleen Batasuneko soldadu bihurtzeagatik epaitu dute.
"Fiskaltzak frogatu du dudarik gabe erruduna dela, gatazka armatu batean 15 urtez azpikoak soldadu gisa izen emateagatik", dio epaiak. Aho batez hartu dute erabakia epaitegiko hiru epaileek.
Etxeko lanak egitera behartzen zietela eta segurtasuna zaintzeko "erabiltzen" zituztela ebatzi dute. Gainera, neskak "esklabo sexualak" izatera behartzen zituzten, epaileek jakinarazi dutenez. Nesken bortxaketa aztertzeko proposatu zuen Fiskaltzak, baina epaileek hori alboratzea erabaki zuten, prozesua arintzeko.
Epaitegiak bere historian ematen duen lehen epaia da —2002an sortu zen—.
Gaurko erabakiaren ondotik, zigorraren berri emango dute epaileek, baina oraindik ez dute zehaztu noiz.