Kongoko giza krisi «lazgarria» salatu du NBEk

Nkuda ekintzaileen buruak alde bakarreko su-etena hitzeman du, eta Gobernuari gauza bera egiteko eskatu dio

Erredakzioa
2008ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan Goma hiritik alde egin zuen atzo armadak, ekintzaileen erasoaldiak atzera egitera behartu ondoren. Soldaduak gudarostetik itzultzen ikusita, eta Bukavu hirira aldentzen hautemanda,izuak hartu zituen herritarrak. Askok hiria utzi zuten oinez, etaBukavu hirirantz alde egin zuten. Astelehenaz geroztik 20.000 lagunek alde egin dute beren etxeetatik, eta denera 200.000 inguru dira abuztuan Laurent Nkunda jeneralak zuzendutako ekintzaileek Gobernuaren aurkako erasoaldia berpiztu zutenetik. Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren ahotan «giza krisi lazgarria» dago Kongon, eta bi aldeei ituna lortzeko eskatu zien.

Horiek hala, Nkundak alde bakarreko su-etena hitzeman zuen atzo, eta Gobernuaren tropei gauza bera egitea galdegin zien. Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko Goma hiria menderatzea zen ekintzaileen xedea, eta horren ateetan zeudela oldarraldia eteteko borondatea agertu zuten: «Ez gaude Gomatik urrun, baina hiriko egoera ez egonkorra aintzat hartuz, gure mugimenduaren barruan erabaki dugu borrokak gelditzea eta su-etena hitzematea». Gomako herritarren eta desplazatuen izua apaltzeko egin zutela jakinarazi zuen hark.

Joseph Kabila estatuko presidenteak tropa gehiago bidaltzea galdegin zion aurretik nazioarteari, NBEk munduan duen misio bakezale handienari -17.000 soldadu- gutxiegi iritzita. NBEren tropek matxinoei aurre egin behar izan zieten Kongoko armadaren atzerakadaren ostean. Bertako gobernuak Ruandakoari leporatu zion matxinoei erasoaldian sostengatzea. Ruandak, bestalde,bere lurraldean erasoak egitea egotzi zion Kongoko Gobernuari.

NBEren Segurtasun Kontseiluak gaitzetsi egin zuen erasoaldia, eta talde armatu guztiei borrokak gelditzeko eskatu zien. Nkunda jeneralaren taldeak dio gutxiengo tutsia talde armatu hutuengandik babestea xede duela, eta NBEri egotzi dio babesten ez dituela. Izan ere, 1994an Ruandako genozidioa egin zuten hutuak Kongon sartu ziren. Lau milioi lagun hil dira 1998tik gobernuz kanpoko erakundeei jarraiki, gatazkaren ondorio guztiengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.