Iazko azaroan hauteskundeak egin zirenetik lehen borrokaldiak izan dira joan den astean Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatutakoak, baina arriskuan jarri dute Gobernu berriak lortutako barealdia. Oposizioko buru eta presidenteorde izandako Jean Pierre Bembaren guardiari armak uzteko aginduak eragin zuen borrokaldia joan den ostegunean, Kinshasan, oposizioko guardien eta armadaren artean, eta 600 bat pertsona hil dira harrez geroztik, Europako Batasuneko hainbat enbaxadorek aditzera eman dutenez. Hala ere, ez dago oraingoz hildakoen kopuru zehatza jakiterik. Hiriburua militarrek hartu zuten, eta atzo arte kaleetan egon dira.
Bembak hauteskundeak galdu zituen, eta beraz, orain senatari bezala 15 poliziaren babesa izateko eskubidea dauka, eta 200dik gora ditu gaur egun. Joseph Kabilaren gobernuak agindu dio soilik dagozkionak manten ditzala, baina Bembaren arabera, bere bizitza arriskuan egon daiteke horiek utziz gero. Segurtasuna bermatzen ez badiote atzerrian babesa eskatuko duela esan du. Joan den ostegunetik ezkutaturik dago Bemba, eta non dagoen ez du esango segurtasuna bermatzen ez dioten bitartean. Atxilotze-agindua jarri zion Kongoko fiskal nagusiak egindako gehiegikeriengatik. Bembarentzat, berriz, «harrigarria da herrialde demokratiko batek horrelako jazarpena egitea politikari bati».
Gobernuaren armadaren eta Bembaren guardien arteko borrokaldietan, baina, zibil asko ere hil dira, eta Kinshasak gerra garaiko itxura hartu du azken egunotan. «Hau ez da espresuki prozesu demokratikoaren heriotza, baina larri zaurituta dago», Andy Sparkes Erresuma Batuko enbaxadorearen arabera.
Nazioarteko ikuskatzaileek babesturik izan ziren hauteskundeak iaz, eta prozesua legezkoa izan zela deliberatu zuten, baina Bembaren ustez, manipulatu egin ziren.Kabilak alde handia atera zion Bembari. Lau hamarkadatan lehen hauteskunde demokratikoak izan ziren.
Kongon 600 bat lagun hil dira hainbat egunetako liskarretan
Kinshasako borrokaldiek krisian jarri dute iazko hauteskunde historikoek eragindako egoera berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu