BURUNDI

Kongon militarki ekiteko prest direla ohartarazi dute Burundik eta Ruandak

Bujumburak dio Kinshasako Armadak Gatumbako sarraskiarekin «gutxi edo aski» zerikusia baduela, eta Kigalik ez du «ezer egin gabe geratu nahi»

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Gatumbako iheslari bizigunean, joan den ostiral gauean, 160 errefuxiatu tutsi sarraskituak izan ondoren, Burundi eta Ruanda prest daude Kongoko Errepublika Demokratikoan militarki ekiteko, herrialde honetan diharduten hutu gerrillariei mendekatzeko. Mehatxu hauek sinesgarritzat har daitezke, Bujumbura eta Kigaliko aginteek aurretik ere esku hartu baitute Aintzira Handietako eskualdean azken urteetan hazi diren gerretan.

«Ez dugu baztertzen Kongoko Errepublika Demokratikoan militarki ekitea, gure herrialdearen mugak errespetarazteko gisan», adierazi zuen atzo Burundiko Armadako agintari goren Germain Niyoyankana jeneralak. Kazetarien aurrean, Bujumbura hiriburuan egindako agerraldian Burundiko armadaburuak azaldu zuen herrialde auzoan indarrez sartzea justifikatuta litzatekeela, Kinshasako armadak «zeharki edo zuzenean zerikusia duelakotz» Gatumban gertatutako sarraskiarekin.Burundin, Kongoko mugatik 4 kilometrora kokatua den errefuxiatu bizigune honetan aterpetuak ziren Kongotik ihes egindako banjamulenge tutsien triskantzan Buja Mabe jeneral kongoarraren soldaduek parte hartu zutela ziurtatu zuten zenbait lekukok. Domitien Ndayiyeze Burundiko presidenteak joan den larunbatean bertan adierazi zuen «tutsien aurkako koalizio batek» burutu zuela sarraskia. Zehazki, triskantza hau bere gain hartu duen FNL Burundiko hutu gerrillaz gain, Ruandako interahamwe milizietako eta Kinshasako armadako zenbait elementuk osatu dutela koalizio hori iritzi zion Burundiko presidenteak.Kigaliko agintariek ere antzeko iritzia daukate, eta herenegun egindako adierazpenetan Paul Kagame presidenteak esan zuen Ruanda ezin dela «ezer egin gabe geratu» Gatumbako sarraskiaren ostean. Ildo beretik, Burundiko armadaburuak zehaztu zuen atzo Ruandarekin batera Kongon militarki ekitea «asmoan har litekeen zerbait» dela. «Horrelako kasuetan, herrialde auzoekin eskuz esku ibiltzea bidezkoa da», adierazi zuen Niyoyankana jeneralak. Kongon militarki ekitea noiz gerta zitekeen eskatu ziotelarik, hori gertatzea edo ez, Kinshasako gobernuaren jarrerari lotuta dagoela erantzun zuen Burundiko Armadako buruak.

Bilera bat Tanzanian gaur

Tentsio giro honetan, berez Burundiko bake prozesuaren bilakaera aztertzeko finkatuta zegoen bilera bat egitekoa zen gaur Tanzanian, baina, gertatzekotan, Gatumbako sarraskiaren ondorioak ere izango dira solasgai. Elkartze honetan parte hartzekoak dira Burundiko, Ruandako, Kongoko Errepublika Demokratikoko, Hegoafrikako, Zambiako eta Tanzaniako agintari gorenak, zein ere Afrikako Batasuneko, Nazio Batuen Erakundeko eta Europako Batasuneko ordezkariak.

Ikusteko da, beraz, Dar es Salaameko bilera hau egongo den ala ez eta, gertatzekotan, nor joango den bertara. Anartean, Gatumbako sarraskiaren ostean eta Burundik zein Ruandak egindako ohartarazpenetatik landa, «maila goreneko ekimen batek soilik lasai dezake giroa», izena aipatzerik nahi ez zuen eta Bujumburan diharduen nazioarteko goi arduradun batek adierazi zuenez. Honen iritzian, baina, Bujumbura eta Kigaliko agintarien azken adierazpenak «gerra aldarrikatze baten antzekoak dira» eta lehenago gertatutako gerren aurretik izandako giroa gogorarazten dutela ohartarazi zuen.Ezen, 1996 eta 1998. urteetan, Burundiko eta Ruandako tropek parte hartu zuten Aintzira Handietako eskualdean piztutako gatazketan. Kigaliko gobernuak aitzakiatzat hartu du Kongora ihes eginak diren interahamwe gerrillarien aurka ekin beharra, 1994ko genozidioaren jardule nagusiak izan ziren hutu miliziek Kongoko Errepublika Demokratikotik erasoak egiten jarraitzen baitute. Halaber, Bujumburak gerra hauetan esku hartzea justifikatu du Burundiko bake prozesuari uko egiten dioten FNLko gerrillarien kontra egin beharra argudiatuz.

-

NBE



 

Kasko urdinen kopurua bikoiztu nahi du Annanek





Ituri eta Kivu eskualdeetan bizi diren gatazkengatik, Kongoko Errepublika Demokratikoan gaur egun zabaldutako 10.300 kasko urdinen kopurua 23.900era ugaltzea proposatu du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. NBEko Segurtasun Kontseiluak du erabaki hau hartu behar, Annanek joan den astelehenean plazaratu zuen azterketa txostenean oinarrituz. Idazkari nagusiak moldatutako planaren arabera, 150 kasko urdin gehiago zabalduko lirateke Iturin eta 3.500 Ipar eta Hego Kivun. Erreserbako 950 soldadu eta agintalde bat ere zabalduko lirateke Kongo ekialdean eta 2.550 militar geratuko lirateke Kinshasa hiriburu aldean.

Kongon iaz abian jarritako bake prozesuaz eta honen bideratzaile trantsizio gobernuaren jardunaz baikor da Annan; NBEren laguntzaz «aurrerapausoak baitezpada» egin behar direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.