Nekez aterako da Cancundik (Mexiko) 2012an Kyotoko Protokoloaren lekukoa hartuko duen akordiorik. 194 herrialdetako ordezkariak bildu dira, azaroaren 29tik abenduaren 10era. Batzuek, arre; besteek, so; klima aldaketaren kontrako gurdia geldirik eta haustear dago.
Herrialde batzuek karbono dioxido isuriak murrizteko konpromiso zehatzik gabeko agiria nahi dute: Japonia, Australia, Errusia eta Kanada, batez ere. Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Txina elkarri begira daude: batek konpromisoren bat hartzen badu, besteak ere bai; bestela, ez. Europako Batasunak, Kyoto-2 onartzekotan, AEBak, Txina eta India barruan egotea nahi du; baina bete beharrekoa ez den akordio bat onartzeko ere prest dago, herrialde guztiek parte hartzen badute. Eta Hego Amerikako eta Afrikako herrialde gehienak konpromiso eske ari dira, helburu zehatzak izango dituen Kyotoren ondorengoa nahi dute.
«Neurri batean harrigarria da herrialde batzuk oraindik iraganeko posizioetara itzultzen ikustea», esan zuen Luiz A. Figueiredo Brasilgo ordezkaritzako buruak. «Ez dira konturatzen azken partidan gaudela eta konpromisoak behar ditugula».
Greenpeacek Europari eta Txinari gogorarazi die ezin dutela AEBen zain egon. AEBak alde batera utzi eta aurrera egiteko eskatu die gainerako herrialdeei. Greenpeacek badaki ez dela akordio globalik lortuko, baina diru iturriei eta basoen suntsiketari buruzko funtsezko erabakiak hartu behar dituztela uste du.
Felipe Calderon Mexikoko presidenteak onartu du akordioren bat lortzen bada gutxienekoena izango dela, «helburuak apaldu behar izan baititugu». Mexiko atzo gauean aurkeztekoa zen behin-behineko testua, herrialdeetako ordezkariek astelehenetik aurrera eztabaidatzeko.
Cancunen eta Canconen
Eusko Jaurlaritzako eta ELA sindikatuko ordezkariak ere badaude Cancunen.
Bitartean,Lurraren Lagunak, Attac, ELB eta Bizi! taldeak Cancungo goi bilera salatzeko Canconen (Frantzia) egiten ari den topaketan parte hartzen ari dira. Via Campesinak antolatu du protesta topaketa.
Konpromisoen aldekoen eta kontrakoen jarrerak oso urrun daude Cancunen
Klima aldaketaren kontrako goi bilera porrot egitear dago, eta akordiorik ez da espero Kyoto-2ri buruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu