Protestak herrialde arabiarretan

Konspirazioaren teoria

Siriako presidenteak ez ditu esperotako erreforma politikoak iragarri lehentasuna ez direla argudiatuta

Kristina Berasain Tristan.
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Protestak hasi zirenetik aurreneko agerraldia zen, eta aurreko astean egindako promesak aintzat hartuta, denek espero zuten hitz egin ez duen horretaz mintzatuko zela; baina, erreformez, deus ere ez du esan Bashar al Asadek. Siriako presidentea konspirazioaren teoriari eutsi dio. Parlamentuan egindako agerraldian «konspiratzaileak herrialdez okertu» direla adierazi du. Horixe da diktadoreek eman ohi duten mezua beren kontrako protestak hedatzen direnean. Al Asaden ustez, «konspiratzaileek» sustatu dituzte protestak; «batasun nazionala hautsi eta herrialde arabiarretan ezegonkortasuna eragin nahi dutenek». Eta «mundu arabiarraren azken gotorlekua ahultzea» dute helburu; «Israelen kontrako erresistentziari amore emateko».

Iragan ostegunean egindako iragarpena gogorarazi baino ez du egin, beraz, presidenteak; salbuespen legea bertan behera utziko zuela, alderdi politikoak baimentzeko eta prentsa askatasuna bermatzeko legeak aldatuko zituela, eta funtzionarioen soldatak igoko zituela jakinarazi zuen orduan, neurri horiek noiz hartuko dituen zehaztu ez bazuen ere. Erreforma politikoak ezin direla presiopean hartu eta horiek ez direla herrialdearen lehentasuna argudiatu du Al Asadek: «Gobernuaren eta herritarren harremanak ezin dira presiopean eraiki». Lehentasuna segurtasuna bermatzea dela esan du.

Ikusmin handia

Sirian ikusmina handia zen, ezen bezperan gobernu osoaren dimisioa onartu zuen presidenteak, eta neurri hori erreforma sakonen sorta baten aurreneko ekintza izango zela ondorioztatu zuten askok. Al Asadek izendatutako gobernu teknokrata, baina, erakunde sinboliko bat baino ez dela agerian gelditu da orain inoiz baino argiago, eta boterea agintean dauden alauiten esku dagoela, presidentearen gertukoen eskuetan, alauitak guztiak, senideak gehienak.

Bashar al Asad boterea bereganatu zuenetik ari da erreforma politikoak egiteko promesak egiten. Damaskoko Udaberria bezala ezagun egin zen prozesuak, dena den, ez zuen erregimen hertsia amaitu, erreforma politikoak egin beharrean ekonomiaren alorreko erreformak egin baitzituen, liberalizazioa sustatuz.Hafez al Asad aitaren heriotzaren ostean eskuratu zuen boterea semeak, 2000an, eta orduz geroztik ari da aldaketez hitz egiten. «Hori izan zen erreforma prozesuaren abiapuntua. Egia da atzeratuta goazela, baina beste lehentasun batzuk ditugulako da hori». Azalpen hori eman zuen atzo.

Hilaren 18an abiatu ziren protestak, hala ere, hizpide izan ditu presidenteak. Penatuta eta kezkatuta agertu da «odol isuriagatik», eta gertatutako argitzeko ikerketa abiatuko duela adierazi badu ere, poliziek manifestarien kontra ez egiteko agindua jaso zutela hitz eman du. Giza eskubideen erakundeen arabera, 130 lagun hil dira azken bi asteetako protestetan, gobernuak 30 heriotzaren berri eman badu ere. Dara hirian izan dute jatorria protestek. Protestak piztekotan kurduen edo musulman sunitak gehiengo diren eremuetan piztuko zirela pentsatu zuten agintariek, baina, ezustean, hegoaldean hasi ziren, eta beste eremuetara bidalitako segurtasun indarrak eraman behar izan zituzten Darara.

Latakian protestak

Gerora, baina, hiri nagusienetara zabaldu dira protestak, presidenteak herrialde arabiarretan piztu den iraultzatik salbu egongo zela begitandu zuen arren. Urtarrilean bertan adierazi zuen herrialdea «immunea» zela iraultzaren olatuaren aurrean «herriarekin sintonian zegoelako; herritarren beharrekin bat egiten zuelako». Sirian, baina, itxura guztien kontra, protestak piztu ziren, beste herrialdetan bezala fenomenoak agintariak ezustean harrapatu bazituen ere. Latakian atzo bertan ehunka lagun elkartu ziren presidenteari iragarritako erreformak egin ditzan eskatzeko.

Damaskon, berriz, presidentearen aldekoak elkarretaratu zirenherenegun. Baath alderdiko eta sindikatuetako iturri batzuen arabera, kalean bildutakoak funtzionarioak ziren, eta presidenteak berak agindu zien kalera irteteko bere irudiak eskutan hartuta, herritarren sostengua duela erakustearren. Al Asaden aldeko manifestazioak baino ez daude onartuta Sirian. 1963an ezarritako larrialdi egoerak mota guztietako elkarretaratzeak egitea debekatzen baitu. Erregimenaren guardia zaharrak duen eraginari egin izan dio erreferentzia presidenteak neurria ezin izan duela bertan behera utzi argudiatzeko orduan, baina, hainbat analistaren iritziz, bere benetako irudia samurtzeko asmoa baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.