Somaliako behin-behineko konstituzioa onartu du herrialdeko Batzar Konstituziogileak. NBEaren plana jarraituz, abuztuaren 20an Somaliako presidente berria aukeratu ahal izango dute. Batzarreko 645 kidek bozkatu zuten konstituzio berriaren alde; hamahiru abstenitu egin ziren, eta 11k aurkako botoa eman zuten. 1991az geroztik herrialdean dagoen anarkiarekin amaitu nahi dute.
Abdirahman Hosh Jabrilarlo konstituzionaleko ministroak egun «historikotzat» jo zuen atzokoa: «Azken zortzi urteetan egun hau iristeko egin dugu lan». Konstituzioak herritar guztien eskubideak aldarrikatzen ditu, erlijio edo taldeen gainetik. Hori bai, islama onartzen du Somaliako erlijio bakartzat, eta beste erlijioak zabaltzea debekatzen du. Bestalde, eskualdeetako borrokak modu baketsuan konpondu behar direla dio, eta sistema federala aldarrikatzen du.
Konstituzioa onartu ondorengo urratsa parlamentu bat eratzea izango da. Parlamentuak konstituzioa onartzen duenean, bere esku geldituko da presidentea aukeratzeko eskumena. NBE Nazio Batuen Erakundearen ordezkari Augustine Mahigak adierazi du parlamentuko eserlekua ez dietela edozeini emango: «Eskaintzaile onenari emateak ez luke zentzurik errespetatua izango den Somalia bat aldarrikatzen ari garenean». Konstituzioa erreferendum bidez onartzea baztertu egin du batzarrak. Ezinezkotzat jotzendute Al-Shabab milizia islamistak kontrola duen guneetako botoa bermatzea.
1991an Siad Barreren erregimena erori geroztik, ez da egon gobernurik Somalian. Egun, herrialde guztia zatituta dago; Al- Shabab miliziak hegoaldean eta erdialdean du kontrola, mendebaldeko hainbat eskualde Etiopiako tropen esku daude, eta iparraldeko hainbat eskualdek autonomia deklaratu dute. Somalilandek, esaterako, independentzia aldarrikatu zuen, eta de facto estatu gisa funtzionatzen du. Borrokak etengabeak dira, eta piratak eta Al-Qaedaren gertuko talde islamistak, ezegonkortasun horretaz baliatu dira haien oinarriak Somalian indartzeko.
Bi hildako
Batzar Konstituziogilea elkartu aurretik, Somaliako Poliziak bi suizida hil zituen atarian. Poliziaren arabera, hildakoek batzarrera sartu, eta soinean zeuzkaten lehergailuak leherrarazi nahi zituzten. Poliziek tiro egin zien orduan eta bertan hil ziren lehergailuek eztanda eginda.
Konstituzio berria onartu dute Somalian, hogei urteren ostean
Orain parlamentua eratuko dute, eta hark aukeratuko du herrialdeko presidentea, abuztuaren 20an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu