EUROPAKO BATASUNA

Konstituzioa berresteko prozesuan «geldialdia» eskatu du Tony Blairrek

Kontseiluan negoziatuko duten aurrekontuaz «ezberdintasun handiak» daudela dio Londresek

Erredakzioa
2005eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko goi bilera hasteko bi egun geratzen zirela, Frantziako presidente Jacques Chiracekin bildu zen atzo Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair, bereziki Konstituzioa berresteko prozesuaz eta EBko aurrekontuez hitz egiteko. Bilkura bukatuta, Blairrek «geldialdia» eskatu zuen Ituna berresteko prozesurako, aurrera jarraitu aurretik hartaz «hausnartzeko». Era berean, Europako Kontseiluan negoziatzekoak diren EBko aurrekontuez «oso ezberdintasun handiak» daudela nabarmendu, eta Frantziak zein EBko estatu kide askok deskontu britainiarra delakoa murrizteko egin duten eskaera errefusatu zuen Blairrek.

«Ideia ona litzateke Ituna berresteko prozesuan geldialdia egin eta aurrera segitu aurretik hausnartzea», esan zuen lehen ministro britainiarrak. Bihar eta etzi Bruselan EBko 25 estatu kideetako estatu eta gobernu buruek egingo duten goi bileran prozesua eteteaz akordioa lortzea «posible eta zentzuzkoa» dela adierazi eta geldialdiak «hilabete batzuk» iraun dezakeela zehaztu zuen. EBko aurrekontuei dagokienez, Chiracek EBko estatu kideen iritzia gogorarazi zion Blairri, hots, Londresek 1984an lortutako deskontua berriz aztertu eta murriztu beharra dagoela. Deskontu britainiarra deitutakoa EBren aurrekontuetatik lortzen dituen diru funtsak dira, NPK Nekazaritza Politika Komunetik beste herrialde batzuek baino onura gutxiago jasotzen duelako konpentsazio gisa. Blairrek esan zuen soilik aurrekontua oro har eta bereziki NPKra bideratutako funtsak berriz aztertuz gero egongo litzatekela prest deskontu britainiarraren moldaketaz hitz egiteko. Hain justu, Frantziako nekazariek jasotzen dute onura gehien NPKtik eta Chirac ez dago horretan amore emateko prest. Honen iritziz, NPKra bideratutako funtsak 2002an hitzartu eta itxitako auzia da. Chiracekin elkartu aitzin EBko txandakako presidente eta Luxenburgoko lehen ministro Jean-Claude Junckerrekin bildu zen Blair, Luxenburgon. Bihartik aurrerako goi bilera prestatzeaz gain, deskontu britainiarra 2007tik aurrera murrizteko proposamena errefusatu zuen lehen ministro britainiarra.Junckerren proposamena gauzatuko balitz, 2007an deskontua izoztuko liokete Londresi, eta 2013an osorik ezabatuko. Downing Street 25.000 eta 30.000 milioi euro artean jaso gabe geratuko litzateke orduan. «Hortaz, Frantzia esaterako baino heren bat gehiago ordaintzen egongo ginateke denobra tarte horretan. Hori ezin dugu onartu eta EBko presidentetzari jakinarazi diogu», adierazi zuen Downing Streeteko bozeramaileak.

Thatcherren ildotik

Blairren aliatu izandako eta Ipar Irlandarako ministro ohi i Mandelson gaur egun EBko Merkataritza komisarioeztabaidan sartu zen astelehenean, eta Londresek deskontua moldatu beharra daukala onartu behar duela esan zuen. «80ko hamarkadatik deus aldatu izan ez balitz bezala, ez ezazu tonu neothatcherista erabili, Tony [Blair]», ohartarazi zion, Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadore izandako Margaret Thatcherren bidetik joan ez dadila iradokita.

Bestalde, atzo Luxenburgoko Atzerri ministro eta Europako Kontseiluko txandakako presidente Jean Asselbornek «estrategia kontua» iritzi zion deskontu britainiarra izozteko posibilitateaz Londresek erakutsitako ezezko jarrerari. Bihar eta etzi egingo den goi bileran aurrekontuaz akordioa lortzeko aukeraz «baikor» agertu zen. «Orain gertatzen ari dena publikoa da eta estatu bakoitzaren estrategiaren zati da, baina ez da erabakigarria. Negoziazio mahaian gertatuko dena izango da erabakigarria», nabarmendu zuen.Europako Legebiltzarrak, bere aldetik, 2007-2013 tarterako aurrekontu esparrua hitzartzeko eskatu zien atzo EBko estatu kideei, Frantziak eta Herbehereak Konstituzioari emandako ezetzak piztutako krisia gehiago sakon ez dadin.

-

EUROPAKO konstituzioa





 

Kideek alde bateko erabakirik ez hartzea nahi du Legebiltzarrak







Europako Ituna oraindik berretsi gabe dauden EBko estatu kideei «alde bateko erabakiak ez hartzeko» eskatu zien atzo Legebiltzarreko presidente Josep Borrellek. Haatik, Konstituzioarekin zer egin erabakitzea Europako Kontseiluari uztea galdegin zien, Alemaniako Atzerri ministro Joschka Fischerrekin bildu ondotik. «Ez dut uste Europako Konstituzioa hilda dagoela eta berehala ehortzi beharra dagoenik; ezetz esan duten eta oraindik iritzia ematekoak diren estatuekiko begirunez esaten dut hau», adierazi zuen Borrellek. Fischerrek esan zuen estatu bakoitzari dagokiola erabakitzea, baina «Europako testuingurua kontuan hartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.