EUROPAKO KONSTITUZIOA. ERREFERENDUMA

Konstituzioa ez duela baztertuko adierazi du EBko oraingo buruak

Hilaren 16an eta 17an egingo den goi bileraren aurretik «alde bateko ekimenik ez hartzeko» eskatu die EBko estatuburuei Europako Batzordeko presidenteak

Erredakzioa
2005eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren estatu sortzaileetatik izan ziren Frantziak eta Herebehereek erreferendumez arbuiatu badute ere Europako Konstituzioa, testu honen berreste prozesuari eusteko gogoa aldarrikatu dute EBko estatuburuek. Hauek, baina, etorkizunaz gogoetak egin eta erabakiak hartu beharko dituzte Bruselan, datorren ekainaren 16an eta 17an egingo den EBko estatu eta gobernuburuen arteko goi bileran.

Hitzordu oso garrantzitsu honen aurretik, berriz, EBko agintari goren hauei, «alde bateko ekimenik ez hartzeko» eskatu zien atzo Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok. Goi bilera horretan, Europako Konstituzio berri baten aukera hizpide izan litekeela adierazi zuen atzo Batzordeko bozeramaile Françoise Le Bailek. «Seguru nago gai hau eztabaidatuko dela bilera honetan» aditzerat eman zuen Le Bailek. Orain arte, haatik, EBko agintariek baztertu egin dute Europako Konstituzio proiektu berri bat negoziatzeko edozein aukera. EBko 25 estatu partaideetatik 13k oraingoz berrestekoa dutelarik gaur egungo konstituzio proiektua, Batasunaren bi herrialde sortzaileetatik diren Frantziaren eta Herbehereenarbuio egiteak oso kinka larrian jartzen du egitasmo hau. Bi herrialdetan erreferendumak egin dira.Joan den igandean, Frantziako hautesleen%57,67k eza eman zioten Konstituzioari eta herenegun, aldiz, Herbehereetako boto emaileetatik %61,6k jarrera bera hartu zuten. Emaitza hauek are argiagoak izan dira, jakinez parte hartzea %69,74koa izan zela Frantzian eta %62,80koa Herbehereetan.«Atera behar den ondorioa da Europa ez dela dagoeneko amets eginarazten duen zerbait» adierazi zuen herenegun arratsean, EBko presidentetza daraman Luxenburgoko lehen ministro Jean-Claude Junckerrek. Hala eta guztiz ere, «berreste prozesuak jarraitu behar du beste herrialdeetan» gaineratu zuen. Luxenburgok berak, hain zuzen, Europako Konstituzioaz erreferenduma antolatuko du datorren uztailaren 10ean, Legebiltzarrari tokatuko bazaio ere azken hitza ematea.Frantziak eta Herbehereek emandako ezetza dela eta, hauxe ondorioztatu zuen Junckerrek: «Europako agintariok azterketakolektiboa egin behar dugu eta planteamenduak aurkeztu, Europa badabilela agerian uzteko» .

Chirac Schoeder bilera bihar

«Berreste prozesuak jarraitu behar du» adierazi zuen, halaber, Alemaniako kantziler Gerhard Schroederrek, zeren eta, honen iritzian, «Konstituzio baten beharra daukagu Europa demokratiko, sozial eta indartsu bat eraiki nahi badugu». Frantziako presidente Jacques Chiracen aburuz, berriz, «Frantziako eta Herbeheretako erreferedumen emaitzak agerian ezarri dute «kezka oso handiak daudela Europa batuaren garapenaz». Schroeder eta Chirac, anartean, Berlinen biltzekoak dira bihar, egoera aztertzeko.

Belgikako lehen ministro Guy Verhofstadtek «Europako bat egitearentzat tamalezko» jo zuen Frantzia eta Herbehereen arbuioa, baina oraingoz erabakirik hartu ez duten herrialdeetan berreste prozesuari eutsi behar zaiola gaineratu zuen. Iritzi berdina azaldu zuen Anders Fogh-Rasmussen Danimarkako lehen ministroak. Honen iritzian, «ez dute ez frantsesek ezta herbeheretarrek ere ebatziko danimarkarren ordez». Danimarkak, Europako Konstituzioari bai edo ez trenkatzeko, erreferenduma antolatu duirailaren 27rako.Oraindik erreferendumaren bidea aukeratuko den ala ez erabakitzeke delarik Erresuma Batuan, Douglas Alexander Europako Gaietarako ministro britainiarraren aburuz ere,«Konstituzio proiektua 25 herrialdeeksinatu dute eta ez da zilegi baten batek erabaki dezan bertan behera uztekoa dela». Artean, Letoniako Parlamentuak gehiengo zabalez onartu zuen atzo Europako Konstituzioa,.71 biltzarkidek baia eman zioten eta soilik 5ek ezezkoa. Seik abstentziora jo zuten.



-

HERBEHEREAK



 

Ezetz esan dutenei arreta egin behar zaiela dio Hagak





Bozketan ezak nasai irabazi ostean, saioa egin zen atzo Herbehereetako Legebiltzarrean. Bertako hautetsien %80 osatzen duten indar politikoetakoak baiaren aldekoak zirelarik, Jan Peter Balkenende lehen ministroak adierazi zuen eza nagusitzeak EBko agintariak gogoetak egiterat behartuko dituela. Hala, Herbehereetan Europako Konstituzioak hazi dituen kezkak aipatzearren, hauxe adierazi zuen Balkenendek: «'Gure burugaintasuna eta gure izaera zer bilakatuko dira?'galdetu digute ozen herritarrek». «Halaber, diru kontuak ere tartean sartu dira» gehitu zuen. Izan ere, jakitekoa da Herbehereek diotela, bizilagun bana, EBri diru-sartze handiena ekarten. Immigrazioak etaTurkia EBn sartzearen perspektibak ere hautesleak kezkatu dituztela iritzi zion Balkenendek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.