Botere pixka bat galdu, edo protestak behartutako sistema berrian desagertu. Bi aukera horien artean bigarrena aukeratu du Mohamed VI.ak konstituzioa erreformatzea erabakitzerakoan, baita berandu izan baino lehen egin ere, eta ongi atera zaio, protestak ez daudelako erregearen hegemonia krisian jartzeko egoeran, oraingoz behintzat. Erreferendumaren prozesuari eta ondorengo hauteskundeei itxura demokratikoa ematen jakin izan du, nahiz eta Otsailak 20 mugimenduarentzathori besterik ez den: itxura.
Magrebeko herrialde horretan O-20k zuzendutako protestak nonahi zeudenean, Mohamed VI.a erregeak matxinadaren norabidearentzat mugarri izan zen hitzaldia eman zuen, martxoan. 1996ko Konstituzioa «modu globalean»erreformatuko zuela esatearekin batera, hauek izan ziren konkretuki aipatutako aldaketak: legebiltzarrak eta gobernuburuak botere gehiago eskuratzea, eskualdeetako autonomiak indartzea, norbanakoak askatasun gehiago izatea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzea. Amazigera arabierarekin batera ofiziala izendatuko zuela ere ziurtatu zuen, eta erakunde bat sortu hura bultzatzeko, modu horretara berbereen eskaera nagusietakoari erantzunez. Mendebaldeko sahararrentzat, berriz, ez du berritasunik proposatu: autonomia handiagoa eskaini die, lehenago egin bezala. Erlijioari dagokionez, Maroko estatu islamista izango da aurrerantzean ere, baina kultu erlijiosoen askatasuna onartzen du.
Legearen inperioa
Lau haizetara aldarrikatu zuen konstituzioan erregeak «sakratu» izateari utziko ziola; «ukiezin» izango da orain. Inork ezingo du haren jarduera zalantzan jarri, baina «legearen inperioa» errespetatzen herritar guztiak berdinak izango dira. Oinarri horiekin, joan den uztailaren 1ean galdeketara deitu, eta egun batzuk lehenago bere aldeko mobilizazioak bultzatu zituen, estatuaren esku dauden tresna guztiak erabilita, telebista batez ere.
Kontra zeudenen protestak txiki utzi zituzten deialdi haiek, eta herritarren %75ek hartu zuten parte azkenean erreferendumean, horietatik %97k baiezko botoarekin. Espainiako errege Juan Carlos I.a eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea izan ziren Mohamed VI.a zoriontzen lehenetakoak. Nazioarteko behatzaile batzuek, hala ere, zalantzan jarri zuten bozketaren emaitza.
Kanpainaren hasieran hainbat alderdi garrantzitsuren ezezkoa zuen erreformak, besteak beste, Justizia eta Garapenerako Alderdiarena eta Justizia eta Karitatearena, erlijio askatasuna bermatuko duela esaten duelako testuak, baina gerora horiek eta Istiklal tradizionalenak babesa eman zioten, baita monarkaren aldekoek ere, jakina: Sozialisten Batasunak eta Egiazkotasun eta Modernitarearen Alderdiak. O-20k, Bide Demokratikoa ezkerreko alderdiak eta Giza Eskubideen Marokoko Erakundeak eskatu zuten boikotatzeko.
Herrialde arabiarretan protestak hasi aurretik, 2010ean konstituzioaren erreforma idazteko eskatu zion Omar Azziman politikariari —2004tik iaz arte Espainian enbaxadore—, herrialdea deszentralizatzea helburu bakartzat hartuta, baina matxinadekin aldaketa gehiago barneratzeko testua agindu zuen, eta keinuak egiten hasi zen: preso islamista askori eragin zien amnistia eman zuen.
Protesten hasierako eskakizunak argiak ziren: lanik ezin topatuta, jende asko gosez eta etorkizunik gabe zegoen, eta lana zutenei ogia erosteko ere ez zitzaien iristen, oinarrizko janariak izugarri garestitu zirelako denbora gutxian. MohamedVI.ak agindu zuen zereala, garia eta garagarra tonaka erostea herritarrek eskuratu ahal izateko. Herritarrek egunerokoan behin-behinean behintzat hainbat onura ikusi ondoren erabaki zuen konstituzioa aldatzea, baina monarkia konstituzionala eskatzen dutenek kalera irteten jarraituko dutela esan dute, O-20k ere bai.
Erregearen botereak
Marokoko gobernuburua ez du Mohamed VI.ak aukeratuko, orain arte bezala. Hauteskundeak irabazten dituen alderdikoa behar du izan, baina, ondoren, erregeak aukeratuko du nor. Azken batean, haren gustukoa izango da. Ministroak ezingo ditu kargutik kendu gobernuburuaren onespenik gabe, baina aurrerantzean ere legebiltzarra desegiteko eskumena izango du praktikan, eta hura izango da ministroen eta segurtasun kontseiluetako burua; agintari erlijioso gorena ere bai. Sakratua ez, baina ukiezina.
Konstituzioa, protestak isilarazteko
Mohamed VI.a Marokoko erregeak konstituzioaren erreforma bideratu du protestek bere boterea zalantzan jarri baino lehen, eta ongi atera zaio, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu