iraken okupazioa

Konstituzioaren prozesua eteteko laguntza eskatu diete sunitek NBEri eta Liga Arabiarrari

Xiitek eta kurduek adostutako Konstituzio zirriborroaren prozesua geldiarazteko, eta denek adostutako testu bat aurrera ateratzeko laguntza eskatu diete sunitek NBEri eta Liga Arabiarrari. Izan ere, Konstituzioak dioen bezala Estatu federal bat osatuko balute, sunitek petrolioaren gaineko kontrol osoa galduko lukete, eta boterea kurduen eta xiiten eskuetan geratuko litzateke. Irakeko Gobernuak, ordea, iragarri du atzo Parlamentuan aurkeztutako zirriborroa "osatuta” dagoela, eta urriaren 15ean egingo den erreferendumean aurkezteko prest dagoela.

2005eko abuztuaren 29a
19:57
Entzun
Sunita guztiek baztertu dute Magna Karta , eta batez ere Irakeko estatu berria antolatzeko modua: federalismoa. Sunitek esan dute Kurdistan eskualde autonomiko izatea onartuko dutela, baina xiiten federalismoa errefusatu egiten dutela. Konstituzioarekin bat etorri ez arren, negoziazioetan jarraituko dutela hitz eman dute sunitek.

Irakeko presidente Jalal Talabanik zirriborroa babesteko eskatu die irakiarrei, haren ustez testuak “irakiar guztien xedeak betetzen dituelako”. Herritarrek zirriborroa onartuko duten itxaropena agertu du presidenteak.

Komunitate sunitak adierazi duenez, atzoko bileran Konstituzioaren zirriborroan jasotzen diren artikulu guztiak irakurri zituzten, eta testua eztabaidatzeko beste saio bat egitea hitzartu zuten. Erreferendumean testua baietsi edo atzera bota aurretik Parlamentuan egin beharreko bozketa noiz gauzatuko den ez zuten zehaztu. Konstituzio Batzotdeko presidente Hemam Hamudik zirriborroa “goraipatu” zuen, “demokraziaren printzipioak eta alderdien aniztasuna” errespetatzen dituela argudiatuz.

Eraso oldea eta hildako asko, Konstituzioa adosteko gorabeheren aurrean

Buruan tiro bana zuten 12 gorpu topatu ditu Irakeko Poliziak, Bagdad iparraldeko Samarra hirian, errepide bazterrean. Polizia iturriek esan dutenez, aurkitutako hilotzek eskuak bizkarrera lotuta zituzten. Gorpuak aurkitu dituzten eskualdean bizi diren gehienak sunitak dira, eta buruzagi politiko eta erlijiosoek xiitei leporatu dizkiete hilketak.

Bigarren eraso batean, matxinatu talde batek Poliziako koronel bat hil du Bagdaden, Polizia iturriek jakitera eman dutenez. Numan Salman Zabet koronela autoan zihoan Al Adhamija auzoan, eta armatuta zihoazen matxinatuek tiroka egin diote eraso. Jaso dituen tiroek larri zauritu dute, eta momentuan hil da Zabet koronela. Okupazioan parte hartzea leporatuta, hamarnaka polizia eta funtzionario hil dituzte errebelde taldeek. Antzeko beste eraso batean, Bagdadeko gobernatzaile ohiaren anaia, Riad al Haidai, hil dute matxinatuek Al Jihad auzoan. Gobernatzaile ohia orain hilabete gutxi hil zuten bonba-auto batekin.

Jazotako beste eraso batean, matxinatuek bi kohete jaurti dituzte, eta Irakeko Petrolio Ministerioaren egoitzaren ondoan erori dira. Hala ere, ez da inor zauritu, eta erasoak ez du kalte materialik eragin. Bi kohetetatik bakarra lehertu da, eta bigarrena espezialistek indargabetu dute. Ez da lehenengo aldia matxinatuek Petrolio Ministerioaren egoitzari eraso egiten diotela. Bestetik, hiru polizia zauritu dira bidaiatzen zuten autoaren ondoan bonba bat lehertu ostean, Irak hegoaldeko Guesr Diala auzoan.

Atzoko erasoetan, kazetari bat hil, eta beste bat zauritu zituzten soldadu estatubatuarrek tiroka. Antza denez, irakiar soldaduak matxinatuekin ari ziren borrokan aurrez-aurre, eta soldadu estatubatuarrak irakiarrei laguntzeko tiroka hasi zirenean, tiroek kazetariak harrapatu zituzten, eta haietako bat hil egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.