Espainia

Konstituzionalak arrazoi eman dio PDECati, eta talde propioa izango du Espainiako Senatuan

Taldea osatu ahal izateko, ERCko, EH Bilduko, Coalicion Canariako eta Gomerako Talde Sozialistako beste sei senatari gehituko zaizkie Kataluniako ordezkariei.

Josep Lluis Cleries, PDECaten bozeramailea. SEBASTIAN MARISCAL, EFE
2017ko ekainaren 22a
08:59
Entzun

Duela 11 hilabete, Espainiako Senatuko mahaiko kideek akordioa hizartu zuten PDECat alderdiak talde propioa osa ez zezan, argudiatuta alderdiak soilik lau ordezkari zituela eta, beraz, talde mistoan egon beharko lukeela. Ordea, alderdiak helegitea aurkeztu zuen, eta orain Espainiako Konstituzionalak arrazoi eman dio. Hala, Kataluniako lau senatariei beste sei ordezkari gehituko zaizkie talde propioa osatu ahal izateko. ERCko, EH Bilduko, Coalicion Canariako eta Gomerako Talde Sozialistakoak dira beste sei senatariak.

PDECatek Senatuan duen eledun Josep Lluis Cleriesek iritzi dio epaitegien erabakia "kolpe gogorra" izan dela Alderdi Popularrarentzat. "Arrazoi politikoengatik hartu zuen erabakia, eta alderdiari jazarri zaizkio Kataluniako prozesu independentistari erasotzeko asmoz". Senatuko legediaren arabera, nahikoak dira hamar senatari alderdi batek talde propioa izan dezan, nahiz eta horiek alderdi desberdinetakoak izan.

Galdeketari buruzkoak, uztailean

Generalitateak iragarri du uztailaren 4an emango dituela urrian egitekoa duten galdeketari buruzko xehetasunak. Dena den, aurreratu duenez, errolda bat osatuko dute, eta atzerrian bizi diren Kataluniako herritarrek postaz eman ahal izango dute botoa. "Hauteskundeen pareko lege babesa izango du galdeketak, beraz, berme demokratiko guztiak".

"Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?". Horixe izango da Kataluniako herritarrek urriaren 1ean erantzun beharko duten galdera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.