katalunia independentziara bidean

Konstituzionalak baliogabetu egin du Kataluniako Parlamentuaren adierazpena

Independentziaren aldeko ebazpena utzi dute bertan behera. Aho batez hartu dute erabakia epaileek. Atzo hasi ziren eztabaidatzen.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala. MARISCAL
Ainhoa Oiartzabal - Jon Olano
2015eko abenduaren 2a
07:29
Entzun

Espero bezala, gaurko hartu dute erabakia. Eta espero bezala, baliogabetu egin dute adierazpena; atzo hasitako osoko bilkuran Francisco Perez de los Cobos presidenteak Auzitegi Konstituzionaleko beste 11 magistratuekin adostasun zabal bat jada lortua zutela zabaldu zuten hainbat hedabidek. Abenduaren 20an egingo dira Espainiako Gorteetarako bozak, eta hauteskunde kanpaina ostegun honetatik ostiralerako gauerdian hasiko dute. Ordurako joko zelaia garbitu nahian edo, azken orduan, Auzitegi Konstituzionalak aste honetarako gai zerrendan sartu zuen atzo Kataluniako Parlamentuak onartu zuen haustura adierazpena.

Auzitegiaren arabera, Kataluniako Parlamentuak onartutako adierazpenak Espainiako Konstituzioaren 1.1, 1.2, 9.1 eta 168 artikuluak urratzen ditu, Kataluniako estatutuko 1 eta 2.4 artikuluez gain. Andres Ollero magistratua izan da ebazpenaren egilea. Auzitegiak berak argitu duenez, "lehentasuna" eman dio gaia eztabaidatzeari haren "garrantzia konstituzionala" dela-eta.

Ebazpenean, Konstituzionalak nabarmendu du konstituzioa "subjektu unitario baten bidez nazio burujabeak duen determinazioaren ondorio" dela, eta, hori horrela, "arau gorena" dela konstituzioa. "Nazioaren subiranotasuna Espainiako herriari" dagokiola ere azpimarratu du, eta horrek, ondorioz, "bere batasuna" eskatzen duela. "Printzipio demokratikoa ezin da konstituzioaren baldintzarik gabeko nagusitasunetik banandu", Konstituzionalak ondorioztatu duenez.

Printzpio demokratikoa edo legalitate konstituzionala

Zilegitasunaren auzian jarri du azpimarra auzitegiak: "Gure zuzenbide estatu sozial eta demokratikoan, ezin dira kontrajarri zilegitasun demokratikoa eta legalitate konstituzionala bigarrenaren kaltetan, botere publikoaren jarduera baten zilegitasuna hura konstituzioaren eta ordenamendu juridikoarekin bat etortzean oinarritzen baita". Ordenamendu juridikoa eta konstituzioa "ezin dira demokraziaren mugatzat jo, bere bermetzat baizik", erantsi duenez.

Halaber, epaileek gogorarazi dute konstituzioa aldatzea proposa dezakeela erkidego bateko parlamentuak, "baina ezin da zilegitasun juridiko eta politikoko iturri bihurtu". Hortaz, konstituzioa aldatzeko legerian bertan ageri diren prozedurak jarraitu behar direla gogorarazi du.

Kataluniako Parlamentuaren adierazpena azaroaren 11n baliogabetu zuen, behin-behinean eta aldi baterako, Konstituzionalak. Adierazpenaren edukietan sartu gabe, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideak, idazkaria eta Generalitateko jarduneko 21 arduradun ohartarazi zituen, gainera, auzitegiak: haren ebazpenak bete beharrekoak direla eta hori aintzat hartuko ez lukeen edozein erabakik zigor ondorioak eragin ditzakeela jakinarazi zien, besteak beste, Artur Mas Generalitateko presidenteari eta Carme Forcadell Parlamentuko buruari.

PPren gehiengo osoa baliatuta Espainiako Kongresuak onartu berria du Konstituzionalaren lege organikoaren erreforma. Araudi berriak eskumena ematen dio Auzitegi Konstituzionalari haren ebazpenak betetzen ez dituzten kargudunak zigortu eta kargutik kentzeko aldi batez.

Bederatzi puntuko adierazpena

Kataluniako Parlementuak ondokoa onartu zuen iragan azaroaren 9an:

1. Egiaztatzen du 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan eskuratutako agindu demokratikoa oinarritzen dela Katalunia estatu independente bihurtzea nahi duten indar parlamentarioen gehiengo batean, eserlekutan, eta menpekotasunik gabeko prozesu konstituziogile bat irekitzearen aldeko gehiengo subiranista zabal batean, bai bototan eta bai eserlekutan.

2. Adierazten du solemneki errepublika izaera izango duen estatu katalan independentearen sorrera prozesua hasi dela.

3. Aldarrikatzen du prozesu konstituziogile herritar, parte hartzaile, ireki, integratzaile eta aktibo baten hasiera, konstituzio katalana izango denaren oinarriak prestatzeko.

4. Eskatzen dio osatuko den gobernuari behar diren neurriak har ditzan, adierazpen hauek gauzatzeko.

5. Iritzi dio egokia dela prozesu konstituziogilearen, gizarte segurantzaren eta ogasun publikoaren legeen tramitazioa gehienez ere 30 eguneko epean hastea.

6. Subiranotasunaren eta botere konstituziogilearen adierazpenaren hartzaile den heinean, berresten du Parlamentu hau eta deskonexio demokratikoaren prozesua ez dituztela Espainiako Estatuko erakundeen erabakiek baldintzatuko, eta, bereziki, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiek, zeina zilegitasunik eta eskumenik gabea ikusten baitu, aurrez herriak erreferendumean bozkatua zuen Kataluniako Autonomia Estatutuari buruz 2010eko ekainean emandako ebazpenaren ondorioz, besteak beste.

7. Behar diren neurriak onartuko ditu Espainiako Estatuarekiko deskonexio demokratiko, masibo, iraunkor eta baketsurako prozesu hau hasteko, nolatan ahalbidetuko baitu hiritargoaren ahalduntzea, maila guztietan eta parte hartze ireki, aktibo eta integratzaile batean oinarrituta.

8. Premiaz dei egiten dio osatuko den gobernuari zilegizkoa eta demokratikoa den ganbera honetatik eratorritako arau eta aginduak soilik bete ditzan, blindatu ahal izateko Espainiako Estatuko erakundeen erabakiek urra ditzaketen oinarrizko eskubideak. Besteren artean, adierazpen honen eranskinean azaltzen direnak.

(Bederatzi puntuko eranskin batean, pobrezia energetikoari, etxebizitzari, osasunari, hezkuntzari, askatasun publikoen bermeari, udal administrazioei, errefuxiatuei, abortuari, eta zorraren kudeaketarako eta gizarte talkarako plan baten finantzaketari buruzko neurriak ere jaso dituzte adierazpenean).

9. Errepublika izaera izango duen estatu katalan independentea sortzeko agindu demokratikoa gauzatu ahal izateko negoziazioak hasteko borondatea adierazten du, eta, era berean, jakinaren gainean jartzen ditu Espainiako Estatua, Europako Batasuna eta nazioarteko komunitatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.