Kataluniako Parlamentuak bazuen susmoa, eta baieztatu egin da: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak iazko urtarrilaren 23an onartu zuten burujabetza adierazpenaren kontrako ebazpena eman du. Auzitegi Konstituzionaleko presidente Francisco Perez de los Cobos eta beste bi magistraturen errekusazioa eskatu du parlamentuak, ez direla "inpartzialak" argudiatuta.
Eskaera hori aintzat hartu gabe, Katalunia "subjektu politiko eta juridiko burujabe" izendatu zuen adierazpena, Kataluniako Parlamentuak gehiengo handiz onartua, baliogabetu egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Katalunia "subjektu politiko eta juridiko burujabe" izendapena "inkonstituzionala" eta "baliogabea" dela ebatzi du auzitegiak, Espainiako Konstituzioaren 1.2 eta 2 artikuluak eta Kataluniako Autonomi Estatutuaren 1 eta 2.4 puntuak urratzen dituelakoan.
Aldiz, erabakitzeko eskubideari egindako erreferentziak konstituzionalak direla dio, beti ere, "autodeterminazio eskubidearekin" lotzen ez duten bitartean. Erabakitzeko eskubidea "xede politiko gisa" ulertu du auzitegiak, "araudi konstituzionalari lotutako prozesu baten bidez soilik lor daitekeena".
Erreakzioak
Francesc Homs Generalitateko lehendakaritza kontseilariaren arabera, "kontraesana" dago auzitegiaren ebazpenean. Homsek adierazi duenez, epaia "konplexua" da, eta beraz, gobernuak "arretaz" aztertu beharko duela. Burujabetza adierazpena baliogabetu arren, erabakitzeko eskubideari ez dizkiola ateak itxi nabarmendu du Homsek. Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak ez duela haiengan "eraginik" izango baieztatu du.
Isabel Vallet Kataluniako Parlamentuko CUPen diputatuaren arabera, auzitegiaren erabakia ez du balekotzat CUPek. Hori baieztatu du, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniaren burujabetzari buruz esateko "ezer" ez duela uste duelako, eta organo politikoa dela esan du.
Enric Millo PPren bozeramaileak, berriz, Artur Masi eskatu dio proiektu subiranistari amaiera emateko. Haren ustez, auzitegiaren erabakiak "ondorioak izan behar lituzke".
Joan Tarda ERCko bozeramailearen arabera, Auzitegi Konstituzionala "ustelduta" dago, eta horren epaileek erakurtsi dute "gogoari" kasu gehiago egiten dietela, buruari beharrean.
Josep Antoni Duran i Lleidak, berriz, auzitegiaren erabakia "premiagabeko akatsa" dela uste du, baina errespetatu egingo duela jakinarazi du.
Maurici Lucena PSCkoak, berriz, adierazi du erabaki horrek erakusten duela "bide bakarra" gobernuen arteko akordioa dela. "Agerian geratu da beste edozein bidezidorrek kale itsura garamatzala".
Burujabetza adierazpena
CiUk, ERCk eta ICV-EUiAk elkarrekin aurkeztutako proposamenak aldeko 85 boto jaso zituen: hiru alderdi horietakoak eta CUPen bat —beste bi diputatuak abstenitu egin ziren—. Aurkakoak, berriz, 41 izan ziren: PPren hamazazpi, Ciutadansen bederatzi eta PSCren hamabost. PPko bi diputatu ez zeuden saio horretan, eta PSCko bostek ez zuten botorik eman, alderdiko ildo nagusiari desobedituta.