Urte luzez Hosni Mubarak diktadorearekin eskuz esku aritu zen Ahmed Xafiken hautagaitza onartu du azkenik Egiptoko Hauteskunde Batzordeak. Mubaraken garaian goi karguak bete zituztenei bozetara aurkeztea debekatzen dien legeari helegitea aurkeztu zion Xafikek, konstituzioaren aurkakoa dela arrazoituz, eta Hauteskunde Batzordeak ontzat eman du argudioa. Hori horrela, diktadorearen azken egunetan lehen ministro izan zena beste hamabi hautagairekin batera lehiatuko da maiatzaren 23an eta 24an egingo duten presidentetzarako bozen lehen itzulian. Auzitegi Konstituzionalak, baina, Xafiken helegitea aztertuko du 45 egun barru, eta ohartarazi dute lehen ministro ohiaren hautagaitza atzera botatzen badute presidentetzarako bozak baliogabe gera daitezkeela.
«Xafiken helegitea aztertu ondoren, batzordeak Xafik presidentetzarako lehiatik kanporatzen zuen ebazpena baliogabetzea erabaki du», adierazi zuen, atzo, Hauteskunde Batzordeko presidente Farouk Sultanek. Anaia Musulmanek gogor kritikatu dute erabakia, eta esan dute ez dagokiola Hauteskunde Batzordeari legea konstituzionala den edo ez erabakitzea. «Lege bat dauka, eta bete egin behar du», adierazi du Mahmoud Ghozlan Anaia Musulmanen bozeramaileak. Batzordearen jarrerak nahasmena sortzen duela ere adierazi dute alderdikoek: «Gaur ezetz, bihar baietz: batzorde neutral gisa duen estatusa kolokan jartzen du».
Xafik, faboritoen artean
Bozetako lehen itzulirako faboritoetako bat da Xafik. Hala dio Al-Ahram egunkariak egin duen azken inkestak. Herritarren faborito zen Hazem Salah Abu-Ismail salafistaren hautagaitza baliogabetu ondoren, Xafikek, Abdel Moneim Aboul Fotouh islamistak, Amr Moussa Arabiar Ligako idazkari nagusi ohiak eta Mohamed Morsi Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiko buruzagiak dute aukera gehien bozen bigarren itzulira igarotzeko. Ekainaren 16an eta 17an egingo dute bigarren itzulia, eta 21ean izendatuko dute presidente berria.
Horiez gain, honako hauek aurkeztuko dira presidentetzako bozetara: Karama alderdiko Hamdin Sabahi nazionalista, Mohammad Salim al-Awa pentsalaria, Abul Ez al-Hariri sozialista, Mohamed Abdelfatah ezkertiarra, Ahmed Hossam Jairala zerbitzu sekretuetako kide ohia, Mahmoud Hosam polizia ohia, Abdullah al-Axaal diplomatiko ohi islamista, Jaled Ali abokatua eta Al-Tagamo alderdi ezkertiarreko hautagai Hixam al-Bastauisi .
Hasieran aurkeztu ziren 23 lagunetatik 10en hautagaitza baliogabetu zituen Hauteskunde Batzordeak, tartean Omar Suleiman Mubaraken espioitzako arduradun ohiarena.
Konstituzionalak Egiptoko bozak baliogabe utz ditzake, Xafiken hautagaitza dela eta
Epaileak Mubaraken lehen ministro ohiaren helegitea aztertzen ari dira; hamahiru lagun lehiatuko dira bozetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu