Iazko azaroaren 9an onartu zuen Kataluniako Parlamentuak Espainiarekiko "deskonexioa" abiatzeko adierazpena, baina adierazpen hori bertan behera utzi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Ondoren, Prozesu Eratzaileari buruzko batzorde bat sortu zuten Kataluniako Parlamentuan.
Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen batzorde horren sorreraren aurka, eta tramiterako onartu du Auzitegi Konstituzionalak. Izan ere, batzorde hori azaroaren 9ko adierazpenetik eratortzen den aztertu nahi du auzitegiak. Ebatziz gero Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko adierazpenaren aurka emandako ebazpena urratu dutela batzordea sortuta, desobedientzia delitu bat egitea leporatu diezaiekete Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari eta batzorde horretako kideei.
Lotura hori egin zuen Espainiako Estatuko abokatuak helegitean; Kataluniako Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek, aldiz, banandu egin zituzten haustura adierazpena eta batzordearen sorrera. Martxoaren 8an da hastekoa batzordea lanean, eta Lluis Llach izendatuko dute egun horretan batzordeko presidente.