Ukraina

Kontaketa behin betiko amaituta, Justxenko irabazle

Ukrainako Hauteskunde Batzorde Zentralak amaitu du presidentea aukeratzeko hauteskundeetako botoen zenbaketa, eta irabazlea Viktor Justxenko dela aldarrikatu du. Hauteskunde Batzordearen arabera, botoen %51,99 eskuratu ditu Justxenkok eta %44,19 haren aurkari nagusi Viktor Janukovitxek. Hala ere, emaitza horiek ez direla behin betikoak ohartarazi du Hauteskunde Batzordeak, irregulartasunak salatzeko epea zabalik baitago oraindik.

2004ko abenduaren 28a
15:24
Entzun
Zenbaket amaituta Justxenkok 15.115.452 boto jaso dituela adierazi du Hauteskunde Batzorde Zentralak (%51,99), eta Janukovitxek, berriz, 12.848.087 boto eskuratu dituela (%44,19). Beraz, Justxenko da hauteskundeetako irabazlea eta bera izango da Ukrainako hurrengo presidentea.

Hala ere, kopuru horiek ez direla behin betiko emaitza ofizialak ohartarazi du Hauteskunde Batzordeak, gaur gauerdi arte zabalik baitago irregulartasunak salatzeko epea eta gutxienez bi egun beharko baitituzte salaketa horiek aztertu eta erabakiak hartzeko.

Nolanahi ere, Justxenkok dagoeneko aldarrikatu du bera dela irabazle, eta, halaber, Europako Batasunak, eta, oro har, Mendebaldeak hala onetsi dute. Errusiak ere onartu du Justxenkok irabazi dituela bozak, eta Vladimir Putin presidentearen aholkulari batek adierazi du garaipen hori ona izango dela Errusiarentzat.

Ukrainako presidentea aukeratzeko hauteskundeak azaroaren 21ean egin ziren aurrena. Ordukoan, Ukrainako agintariek Janukovitx jo zuten irabazle baina Justxenkok iruzurra salatu eta herritarren protesta oldea bultzatu zuen. Krisi larria piztu zen Ukrainan, eta hauteskundeak errepikatzea erabaki zuten. Igandean egin ziren berriro bozak, eta Hauteskunde Batzordeak zabaldutako emaiten arabera Justxenko da irabazle.

Janukovitx aurkaria, ordea, ez dago ados emaitza horrekin, eta Ukrainako Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du.

Errusiaren gustuko hautagaia zen Janukovitx eta Europako Batasunak bultzatutakoa, berriz, Justxenko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.