Ipar Koreako Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, irismen luzeko misila izan da jaurti dutena, teorian AEBetaraino heltzeko ahalmena lukeena. Jaurtiketa arrakastatsua izan da, betiere Piongiangek esandakoaren arabera. Ordea, AEBen esanetan, erdi mailako irismena zuen misilak, eta Japoniako itsasoan erori da.
Ipar Koreak maiz egiten ditu halako jaurtiketak. Guztiek eragin ohi dute kritika uholdea nazioartean, batez ere AEBena eta haien aliatu Hego Korearena. Oraingoan, azken horrek jakinarazi du 930 kilometro egin dituela misilak, 40 minutu inguru iraun duen hegaldi batean.
Ipar Koreak behin baino gehiagotan esan izan du bere misilek badutela ahalmenik AEBetara heltzeko. Ordea, mendebaldeko buruzagiek ukatu egiten dute halakorik.