Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko buru Vangelis Meimarakisek hiru egun izan ditu Greziarako batasuneko gobernua osatzeko. Ez du, ordea, babes nahikorik lortu. Izan ere, gutxienez 120 diputaturen baiezkoa beharko luke gobernu berriak bozak saihestu ahal izateko, eta horretarako beharrezkoa zuten Syrizaren babesa. Alexis Tsipras, orain arteko lehen ministro izan denak, baina, argi utzi du ez dagoela akordiorako aukerarik.
Hala, gaurtik hasita, beste hiru egun izango ditu Herri Batasunak koalizio gobernua osatzeko. Ezustekorik ezean, baina, ez dirudi Syrizatik banandutako diputatuek osatutako alderdiak helburua lortuko duenik. Horiek hala, gehienek ziurtzat jotzen dute hauteskundeak egin beharko direla.
Tsiprasek joan den ostegunean eman zuen dimisioa, sei hilabete luzez agintean egon ostean. Greziaren egoera ekonomikoak eta Bruselak erreskateari jarritako baldintzek bultzatu dute lehen ministroa kargua utzi eta bozak aurreratzera.
Varoufakis, Herri Batasunetik kanpo
Greziako Gobernuaren eta hartzekodunen arteko akordioa babestu ez dutenetako bat izan zen Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro ohia. Hori horrela, zalantza nagusietako bat zen Varufakis Syrizatik irtendako diputatuek sortutako Herri Batasuna alderdira batuko ote zen.
Aukera hori baztertu du Varufakisek, Die Welt Alemaniako egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean. Aitortu du "antzekotasun eta sinpatia" handia duela alderdi sortu berriarekin, baina erantsi politikoki "urrunegi" dagoela bere iritziekiko. Varufakisen esanetan, Herri Batasunera batzea "ez litzateke zentzuzkoa", eta argudiatu du desadostasun nagusia eurotik irteteari buruzkoa dela: "Haientzat, drakmara itzultzea ideologia kontua da". Haren iritziz, hobea da euroari eustea, baina ez "kosta ahala kosta".
Ez dio, ordea, atea itxi gobernura itzultzeari. Horretarako, baina, irizpide bat ezarri du: "Bideragarria al da bere politika ekonomikoa?".
Dimisioa eman du Syrizako idazkari nagusiak
Syrizako idazkari nagusiak, Tasos Koronakisek, dimisioa eman eta gaitzetsi egin du alderdiak hartutako "lerro politiko berria". Hala ere, iragarri du alderdian jarraituko duela, barne antolaketa amaitzen duten arte. Bide horretan, "kanibalismotzat" jo du alderdiko hainbat kidek Syriza utzi eta talde berri bat sortu izana.