Ezkerreko gobernua arriskuan zen Zeelanda Berriko gaurko hauteskundeetan, eta pronostikoek ez dute hutsik egin: kontserbadoreek irabazi dute. Hala, John Key Alderdi Nazionala eskubiko alderdiko hautagai eta ekonomialari milioiduna izango da lehen ministro berria, eta Helen Clark Alderdi Laboristako kideari lekukoa hartuko du karguan. Hiru legealdi egin ditu Clarkek agintean, 1999tik.
Botoen %99,9 zenbatuta dituzte, eta %45 lortu du Keyk. Clarkek, berriz, %33. Parlamentuko eserlekuei dagokienez, 122 aulkietatik 59 eskuratu ditu Alderdi Nazionala -gehiengo osotik hirura geratu da-,Alderdi Laboristak 43, Berdeek zortzi, ACT eskubiko alderdiak bost, eta Etorkizunerako Batasuna eskubikoak eta Alderdi Aurrerakoiak bana. Baliteke Keyk ACT eta Etorkizunerako Batasunarekin osatzea gobernua.
Egoera ekonomiko zaila ari dira bizitzen Zeelanda Berrian ere, eta horretaz baliatu da Key. "Lana gogor egin beharko da aurrera irteteko, baita argitasuna izanda ere", esan die gaur bere jarraitzaileei, garaipena ospatzean.
Finantza munduan karrera arrakastatsua egin zuen Keyk politikagintzan hasi aurretik. Merryl Linch banketxe estatubatuarreko langilea izan zen, eta orduan pilatu zuen 29 milioi dolarreko ondarea. Arrakasta horretan oinarritu du kanpaina hautagaiak. "Gobernu eta burokrazia gutxiago" agindu du, eta zergak murriztuko dituela iragarri du. Era berean, pribatizazioak hasiko dituela ere esan du.
MunDUA
Kontserbadoreek irabazi dute Zeelanda Berriko hauteskundeetan
John Key Alderdi Nazionaleko kidea izango da lehen ministro berria, ia gehiengo osoa lortuta. Alderdi Laboristak 1999tik izandako boterea galdu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu