Kontserbadoreen artekoa da batez ere lehia gaur Iranen. Legebiltzarreko 290 diputatuak aukeratzeko hauteskundeetatik kanpo geratu da oposizioko gehiengoa, eta Mahmud Ahmadinejad presidentearen jarraitzaileen eta Ali Khamenei aiatola nagusiaren jarraitzaileen artean banatuko dituzte parlamentuko eserleku gehienak—duela lau urte 195 aulki lortu zituzten kontserbadoreek, 51 oposizioak eta 39 independenteek—. Ahmadinejadek 2005etik, presidentetzara iritsi zenetik, bere boterea areagotzeko saioak egin ditu, eta horrek haserrea eta errezeloa eragin du aiatolaren jarraitzaile sutsuenen artean. Gainera, kudeaketa ekonomiko txarra egin izana eta ustelkeria leporatzen diete elizgizonek presidentearen jarraitzaileei, eta baita sistemaren lehentasun erlijiosoa kolokan jartzea ere.
Nazioarteko politika inoiz baino gaiztotuago dagoela aukeratuko dute Teherango parlamentu berria: programa nuklearra dela eta, zigor ekonomikoak ezarri dizkio Mendebaldeak Teheran, eta Israelen eraso mehatxua indartsuagoa da egunetik egunera. Kontserbadoreek Mendebaldeari erantzuteko bide modura aurkeztu dituzte gaurko hauteskundeak, munduaren aurrean Iran batu eta indartu bat erakusteko aukera modura. Baina bozek ez dute interes handirik piztu gizartean. Azken inkesten arabera, parte hartzea %55 eta %60 bitartekoa izango da.
Galbahea erreformistei
Gaurko hauteskundeak, dena den, «argi eta garbi, bidegabeak» izango dira HRW Human Right Watchen arabera. Zaindarien Kontseiluak bozetarako hautagaiei arbitrarioki debekatu die parte hartzea, erakundearen iritziz. Zaindarien Kontseiluak—sei elizgizonek eta sei abokatuk osatzen dute— ematen die onarpena hautagaiei, eta aurkeztutako 5.395 hautagaietatik 3.444 onartu ditu soilik. Kanporatutako gehienak erreformistak direla salatu du HRWek.
Irango herritarrek oraindik ere oso gogoan daukate 2009ko presidentetzarako hauteskundeetan gertatutakoa. Emaitzek Ahmadinejad jo zuten garaile, baina oposizioko erreformistek ustelkeria salatu zuten. Gobernuak gogor egin zuen manifestazio jendetsuen kontra, eta oposizioko buruetako asko kartzelan daude oraindik; Mir Hossein Musavi eta Mehdi Karrubi, esaterako. «Duela hiru urte, bozen ostean, milioika irandar atera ziren kalera Non dago nire botoa? oihukatuz. Hitz horien oihartzuna oraindik entzun egiten da, eta gobernuaren helburua herritarrei euren etorkizuna ukatzea dela gogorarazten digute», azaldu du Joe Stork-ek, HRWen Ekialde Hurbilerako zuzendariordeak.
Kontserbadoreen artean banatuko dute boterea gaur Irango hauteskundeetan
Legebiltzarrerako bozak «argi eta garbi bidegabeak izango dira», Human Right Watchen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu