Kopenhagen ados jartzeko prest agertu dira orain AEBak eta Txina

Klima aldaketaren inguruan akordiorik ez dela izango esan bazuten ere, itunaren alde egin dute Barack Obamak eta Hu Jintaok

2009ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak Asiako bidaia amaitu ez badu ere, egiteko nagusia bete du: Txinako gobernuburu Hu Jintaorekin bildu da jada. Atzo izan ziren bi agintariak aurrez aurre, bi herrialdeen arteko harremanaz hitz egiteko. Era berean, biei ez ezik nazioarteari dagozkion gaiak ere izan zituzten hizpide, hala nola klima aldaketa eta Ipar Korearen eta Iranen desnuklearizazioa. Izan ere, Washingtonek eta Pekinek horien inguruan agertutako jarrerak eta hartutako konpromisoek nazioartean eragiten dute, ezinbestean.

Gai horietan guztietan presazkoena klima aldaketa da, 2012an iraungiko baita Kyotoko protokoloa. Hori ordezkatuko duen ituna adosteko, nazioarteko buruzagiak Kopenhagen (Danimarka) biltzekoak dira datorren hileko 7tik 18ra. Baina gehien kutsatzen duten bi herrialdeetako buruzagiek -Txinakoak eta AEBetakoak, hain justu- dagoeneko iragarri dute ez dela izango bete beharreko akordiorik, «klima aldaketa gelditzeko konpromiso» hutsa baizik. Hala adierazi zuten igandean Singapurren egindako bileran. Baina han esandakoak ahaztu balitzaizkie bezala hitz egin zuten atzo AEBetako eta Txinako presidenteek. Kopenhageko hitzordua arrakastatsua izan dadin «erabateko konpromisoa» dutela adierazi zuten biek ala biek. Areago, bi herrialdeek «berehalakoan eraginkorra» izango den akordioa sostengatuko dutela jakinarazi zuen Obamak; bete beharrekoa, alegia. Baita energia alternatiboak ikertzeko lankidetza ere.

Dena den, Obama eta Hu ez dira isurketak murrizteaz aritu. Eta hori zen, hain zuzen, nazioarteak bi agintarien bileratik espero zutena. Izan ere, Txinako eta AEBetako gobernuen konpromiso zehatzik gabe - isurketak zenbatean eta nola murriztuko dituzten argitu gabe, alegia-, ezinezkoa baita akordiorik lortzea. Eta Txinako eta AEBetako presidenteek biko bileran ere zifrak eta epeak aipatu ez dituztela ikusita, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Danimarkako Gobernuak Kopenhageko bileratik espero beharrekoa minimizatu dute. «Mugarria izango da», adierazi du NBEren klima aldaketarako ordezkariak, Yvo de Boerrek. «Hala ere, oraindik Kopenhageko itunaz dihardugu, baina ez dakigu noiz sinatu ahalko dugun».Hori hala, akordio politikoa baino ez dutela lortuko aitortu du.

Ekonomiaz, luze

Herriaren Areto Handian izan zen hitzordua, Tiananmengo plazaren bihotzean. Bi ordu eta erdiz aritu ziren berriketan Obama eta Hu, eta elkarrizketa «zintzoa, eraikigarria eta emankorra» izan zela adierazi zuen Txinako presidenteak, bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. Bi herrialdeen arteko harremanak eta lankidetza sendotzearen alde egin zuten bi gobernuburuek kazetarien aurrean.

Ekonomiak izan zuen elkarrizketa luzean tarterik handiena, eta ez da harritzekoa, bi herrialdeen arteko merkataritza harremanaren bolumena ikusita. Esportazioak dira horren erakusgarri:337,8 mila milioi dolarrekoak dira AEBek Txinara iaz egindako esportazioak, eta Txinak AEBei saldutakoak 71,5 mila milioiko balioa du. AEBak munduko lehen ekonomia dira egun, eta Txina hirugarrena, Japoniaren atzetik. Baina aurten edo datorren urtean Pekinek Tokiori aurrea hartuko diola aurreikusi dute adituek. Eta hori baliatu egin nahi du Obamak. Txinak AEBetako are eta produktu gehiago kontsumitu ditzan nahi du, horrek krisia gainditzen lagunduko diolakoan.

Pekinera heltzerako asmo hori iragarri zuen Obamak. Bidaiaren aurretik hainbat hedabideri emandako elkarrizketetan, «lehiakide ez ezik, hil edo biziko bazkide»gisa deskribatu zuen Txina. «Lehia adiskidetsua izan daiteke», adierazi zion ABC telebista kateari. Lehia «adiskidetsuagoa» izan dadin, Pekinek txanponaren balioa handitu dezan nahi du. Hainbat urtez Txinak yuanaren balioa modu artifizialean baxu mantendu duela uste du Washingtonek, hala AEBetako merkatua Txinako produktuz bete ahal izateko. Eta horrek lekuan lekuko ekoizleei kaltea eragin diete -AEBetako hainbat enpresa itxi dituzte, eta ehunka langile kanporatu-. Horren aurrean, Txinako produktuei arantzelak handitu dizkie Washingtonek; azkenekoz, pneumatikoei eta altzairuzko hodiei. Eta Pekin ez da besoak gurutzatuta geratu; AEBei autoak erostea zaildu du. Horri guztiari ere egin dio erreferentzia Huk, Obamaren aurrean: «Babeste politika alde batera utzi behar dugu».

Bestalde, Ipar Korea desnuklearizaziorako sei aldeko negoziazioetara itzul dadin indarrak batuko dituztela berretsi dute. Iranekiko ere antzeko politika dutela nabarmendu du, bere aldetik, Txinako gobernuburuak, Obamak adierazitakoari men eginez. «Programa nuklearrarekin asmo baketsuak dituela frogatzeko aukera du orain, eta ez badu baliatzen, ondorioei egin beharko dio aurre». Giza eskubideez ere aritu zaio Obama Huri, eta hura elkarrizketarako prest agertu da, AEBek Txinaren subiranotasuna errespetatzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.