Koptoak, AEBetatik ikusmiran jarrita

Mahoma iraintzen duen bideoa nork egin duen argitu ez den arren, kristau koptotzat identifikatu diren hainbat lagunek parte hartu dutela adierazi dute. Egipton ezinegona sortu du horrek, kristauen eta musulmanen bizikidetza are gehiago zaildu dezakeelakoan.

mikel rodriguez
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Herrialde musulman anitzetan haserrea piztu duen filma nork egin duen argitzeko dagoen arren, Kaliforniako kristau koptoen komunitatera bideratu da arreta, hedabideetan haien burua koptotzat aurkeztu duten lagun batzuek Musulmanen inozentzia pelikula ekoitzi edo sustatu dutela erran baitute. Nakoula Basseley delako batek hala adierazi dio Los Angeles Times-i, eta Morris Sadek delakoak AP agentziari. Horren eraginez, koptoen jatorrizko herrialdean, Egipton, ezinegona sortu da, ustez AEBetako diasporako kideek egindakoak gehiengo musulmanaren amorruaren ikusmiran paratu ditzakeelakoan.

Tentsioa baretzeko asmoz, koptoen elizako hierarkiako hainbat kidek Anaia Musulmanek Kairoko Mostafa Mahmoud meskitaren parean deitutako elkarretaratzearekin bat egin zuten atzo, Mahoma iraintzen duen bideoa gaitzesteko. «AEBetako koptoek parte hartu dutela egia bada, benetako kristautasunaren kontra egiten ari dira», adierazi dio Imbaba auzoko Ama Birjinaren elizako artzapezpiku Silwanus Fekryk Al-Masry al-Youm egunkariari. Egipton kristau koptoek «eskubide guztiak» bermatuta dauzkatela erran du Fekryk.

Egipton ez ezik, AEBetan ere filmarekin inongo zerikusirik ez duela esan du hango elizako hierarkiak. «Film horren ekoizleek egin dutenaren erantzukizuna hartu beharko lukete», adierazi du Los Angelesko Kopto Ortodoxoen Elizbarrutiak ohar baten bidez. Hala ere, elizbarrutiak koptoek anitzetan jasan duten jazarpenaren salaketa ere nahasi du ohar berean. «Diasporako koptoek ez dute inoiz parte hartu sarri kristauak jazartzen dituztenen aurkako umiliazio edo erasoetan». Biblia erretzea gaizki dagoela baina «bertzeek errespetatutako edozein liburu» erretzea ere gaizki dagoela gehitu du.

Kopto anitz agintariek ezarritako diskriminazioaz kexu dira Egipton. Azken urtebeteko tentsio une larriena iazko urriaren 9an izan zen, armadak koptoen protesta bat zanpatu zuenean, eta 26 lagun hil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.